Gizartea -
San Ferminak 2012
Iruñeko Udalak sanferminak arautuko duen bandoa onartu du
Txupinazora beirazko ontziekin, arrautzekin edota margoz betetako puxikekin hurbiltzea debekatuko du. Horrez gain, tabernek 06:00etan itxi beharko dutela jakinarazi du.
Erredakzioa
Enrique Maya Iruñeko alkateak sanferminetako entzierroa, segurtasuna, edari salmenta edota trafikoa arautuko duen bandoa onartu du. Arau horien artean txupinazora beirazko ontziekin, arrautzekin edota margoz betetako puxikekin hurbiltzea debekatuko du.
Txupinazo bitartean kalteak eragin dezaketen objetuez gain, entzierroetan arriskutsuak izan daitezkeen beste hainbat aspektu zainduko dituzte, korrikalarien gutxieneko adina 18 urtekoa izatea, zapatila eta erropa deserosoz joatea debekatzea edota argazkiak ateratzea, adibidez.
Horrez gain, entzierroen ostean zezen-plazan ospatzen diren bigantxetan animaliak heltzea debekatu dute, eta gauetako entzierro txikietan flashik ez erabiltzea.
06:00etan
Bandoak, era berean, iturri publikoetan garbitzea eta kaleko postuetan tatuajeak eta piercing-ak egiteko debekua ezarri du, higiene-osasun arrazoiengatik
Bukatzeko, tabernek 06:00etan itxi beharko dutela jakinarazi du, eta diskotekek ordubete gehiagoko muga izango dutela. Horrez gain, prezioen zerrenda ikusgarri izan beharko dute, eta gutxienezko garbitasun kondizioak bete beharko dituzte.