Gizartea -
2013ko ekainean
Bilbok mundu osoko alkateen biltzar bat jasoko du
Udalak azpimarratu duenez, biltzar hori jasangarritasun gaiak aztertzen dituen munduko biltzar garrantzitsuena da.
Erredakzioa
Hurrengo urteko ekainaren 13an eta 14an mundu osoko alkate eta udal gobernuek osatzen duten World Cities Summit Mayors Forum biltzarra ospatuko da Bilbon, Udalak azaldu duenez.
Hitzordu horrek munduko hiri eta eskualde ezberdinek jasangarritasun, hiriko arazo eta inguru bizigarriagoen sorkuntza gaietan “praktika onak” partekatzeko balioko du.
Udalak azpimarratu duenez, biltzar hori jasangarritasun gaiak aztertzen dituen munduko biltzar garrantzitsuena da.
Biltzarra 2010 urtean sortu zen, eta geroztik Singapurreko Errepublikan ospatu da. Hain zuzen, 2013 urteko edizioa Bilbon ospatuko dela atzo hiri horretan eginiko osoko bilkuran ezagutarazi zuten.
Lee Kuan Yew World City Prize saria
Bilbok Lee Kuan Yew World City Prize saria jaso zuen iaz Singapurren. Aitorpen hori “hiri-komunitate bizigarri eta jasangarri baten aldeko eraketan egin duen lanari esker” egin zioten, “horri esker nazioarteko erreferente bihurtu baita”.