Gizartea -

Suteak Valentzian

Suak aurrera egiten jarraitzen du Valentzian

1.850 lagun inguru eta 30 hegazkin ari dira suteak itzaltzen. 30.000 hektarea baino gehiago kiskalita daude. Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Andillako sutearen ustezko egilea delakoan.

Suteak Valentzian. EFE
Suteak Valentzian. EFE
Azken 20 urteetako sute handienak dituzte Valentzian

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errauts eta ke-hodei handi bat eragin dute Valentziako Cortes de Pallas eta Andilla herriko suteek. Erriberako eskualdetik (erkidego hegoaldean) Saguntoraino ikusi daiteke ke-hodeia. Tenperatuak jaitsi egin dira igande honetan eta haizeak ekialdera egingo du, hortaz, suteak itzaltzeko lanak erraztea espero dute.

1.850 lagun inguru eta 40 hegazkin ari dira suteak itzaltzeko lanetan. Bestalde, bigarren mailako 14 errepide itxi behar izan dituzte suteen ondorioz. Halaber, 1.500 lagun inguru haien etxeetatik eraman dituzte.

Atxilotu bat

Guardia Zibilak 57 urteko gizonezko bat atxilotu du Andillaseko sutearen ustezko egilea delakoan, Paula Sanchez de Leon Gobernuko ordezkariak Valentzian jakitera eman duenez. Ikerketak dioenez, litekeena da herritar honek bere etxean uztondo batzuk erretzea, eta hortik, sugarrak zabaltzea. Astelehenean eramango dute epailearen aurrera.

Gobernuak laguntza bidali du

Rajoyren Gobernuak lurreko eta aireko laguntza-taldeak bidali ditu Valentziara, Ingurumen Saileko iturriek jakitera eman dutenez. Horrela, bi hegazkin anfibio, bi helikoptero Kamov eta 17 lagunek osatutako bi brigada bidali dituzte Andillara. Cortes de Pallasen, berriz, lau hegazkin anfibio eta 34 lagunek osatutako bi brigada ari dira lanean.

Miguel Arias Cañete Ingurumen ministroa ari da suteen garapena hurbiletik jarraitzen, baina, hala ere, Rajoyren Gobernuko ministro bat ere ez da Valentzian azaldu eta horrek kritikak piztu ditu.

Suteen prebentziorako aurrekontua, murriztuta

Komunikabide batzuek diotenez, suteen prebentziorako aurrekontua bost milioi eurotan murriztu zela iragarri zuen Juan Ponce Compromis alderdiko Ingurugiro bozeramaileak, eta 700 lanpostu gutxiago aurreikusi zirela gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea