Gizartea -

Hiesaren proba

Osakidetzak hiesa eta sifiliaren aurkako kanpaina jarri du abian

Kutsatutakoen kopurua ez da aldatu, baina kasu berrien artean, hamarretik lau beste gizon batzuekin harremanak dituzten gizonezkoak dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak prebentzio kanpaina bat aurkeztu du, homosexualak (bereziki beste gizon batzuekin harremanak dituzten gizonak) urtean behin hiesaren eta sifiliaren proba egitera bultzatzeko; izan ere, kolektibo horretan gero eta gehiago dira sexu-harreman bidez kutsatutako gaixotasunak.

Mertxe Estebanez Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak prentsaurrekoa eman du Donostian, Daniel Zulaika Hiesaren aurkako Planaren koordinatzailea, Angel Garai Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidentea eta Asier Lekuona Hiesaren kontrako Gobernuz Kanpoko Erakundeen presidentea lagun zituela. Horren esanetan, Euskadin urtean batez beste 175 hies kasu daude, horien % 42 homosexualen artean; “ez da oso datu kezkagarria”, gaineratu du.

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen kasuek “modu ikusgarrian” egin dute gora Euskadin. Bost urtetan (2007-2011) sifili kasuak boskoiztu egin dira aurreko bost urteko datuekin alderatuta (45 izatetik 284 izatera pasatu dira), eta gonokozia kasuek ere gora egin dute (155etik 551ra igo dira).

Estebanezek nabarmendu duenez, sexu-transmisiozko gaixotasun (STG) kasuen igoera honek homosexualei eragiten die gehien; sifili kasuen % 74 eta gonokozia kasuen % 43 horiei eragin diete.

“Urtean behin egin ezazu GIBaren eta sifiliaren proba” lelopean, Jaurlaritzak gaitz hori goiz antzematea sustatzeko kanpaina abiatu du. Estebanezen hitzetan, kasuen erdiak beranduegi diagnostikatzen da.

Jaurlaritzak 5.000 kit banatuko ditu. Kit bakoitzean, preserbatibo bat, lubrifikatzailea eta GIBaren eta sifiliaren probak egiten dituzten lekuak (Osakidetzako kontsulta anonimoak, 36 farmazia eta 3 GKE) sartu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea