Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Hiru gizon atxilotu dituzte emazteei jotzeagatik, Bilbon eta Donostian
Donostian 50 urteko gizona atxilotu dute labana batekin emazteari mehatxu egiteagatik. Bilbon, berriz, 39 eta 42 urteko bi gizon atxilotu dituzte bikotekideei jotzea leporatuta.
Erredakzioa
Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu bikotekideei jotzeagatik edo mehatxuak egiteagatik, Bilbon eta Donostian, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
42 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldeko lauetan Bilbon emazteari behin baino gehiagotan jotzea leporatuta. Bilbo Zaharreko etxebizitza batean atxilotu dute gizonezkoa.
Santutxu auzoan izan da beste atxiloketa. Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du bertan bikotekideari jotzea egotzita. Biktimak kolpea zuen aurpegian, atzamarkak bularrean eta ubelduak besoetan eta hanketan.
Donostian, berriz, 50 urteko gizona atxilotu dute. Kasu horretan, emazteari laban batekin mehatxu egiteagatik eta jazartzeagatik atxilotu dute. Biktimak etxetik alde egin eta bizilagun baten etxebizitzan sartu behar izan duela salatu du.
Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen arretarako telefonoak: 900 840 111 - 016