Gizartea -
Ekarrizketa Radio Euskadin
Zupiria: "Espainiako sistema judiziala huts nabarmena egiten ari da hizkuntza aniztasuna zaintzeko orduan"
Epai bat tarteko, Arkautik B2 maila egiaztatu ez zuten udaltzainak onartu beharko dituela eta, Hizkuntza Politikako sailburuak ez du erabakia aztertu nahi izan, baina gogorarazi du Europak "hainbatetan salatu duela Espainiako justiziak ez dituela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kritikatu duenez, "Espainiako sistema judiziala huts nabarmena egitean ari da Estatuan dagoen hizkuntza aniztasuna zaintzeko konpromisoan eta hizkuntzaren normalizazio prozesuan hartu beharreko arduretan".
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, euskarari buruz Gasteizko epaitegi batek hartu berri duen erabakiaz mintzatu da Jaurlaritzako eleduna ere badena. Epaile horrek aginduta, Arkautiko akademiak euskararen B2 maila egiaztatu ezin izan zuten udaltzainak onartu beharko ditu.
Zupiriak ez du epaia aztertu nahi izan, "interpretazio juridikoen ika-mikan" ez sartzearren, baina "gutxitan aipatzen den gaia" izan du hizpide. Gogorarazi duenez, Europako hizkuntzen gutuna sinatu duten estatuek badute konpromisoa hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta erakundeak urtero egiten du konpromiso horien betetze mailaren inguruko analisi bat. Txosten horietan "hainbatetan" ebatzi dutenez, "Espainiako justiziak ez ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen".
Sailburuaren aburuz, gizarteak "hainbat neurri eta konpromiso hartu ditu hizkuntza arreta eta erabilera normalizatua" bermatzeko. Kontrata, Espainiako sistema judiziala "huts nabarmena" egiten ari da arlo horretan. "Badirudi botere judizialari ez dagokiola euskararen normalizazio prozesuan aritzea", salatu du. Horrek isla du, horren esanetan, "sistema judizialaren funtzionamenduan zein epaile askoren jarreran". "Uste dut botere judiziala ezin daitekeela hortik kanpo geratu", gaineratu du.