Gizartea -
Bizkaia
Epailearen aurrera eraman dute Barakaldon seme-alabak hiltzen saiatzeagatik atxilotutako emakumea
Adingabeak Gurutzetako ospitalean daude, egonkor. Haien bizitzak ez daude arriskuan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Igande arratsaldean Barakaldon seme-alabak hiltzen saiatu zelakoan atxilotutako emakumea epailearen esku utzi dute dagoeneko.
Ordu batzuk lehenago, ertzain etxera eraman dute, alta eman ondoren. Gurutzetako Ospitalen zegoen, eta bertan diraute adingabeek, baina arriskutik kanpo daude, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.
10:00etan gertatu zen hilketa saiakera Maiatzaren Lehena etxebizitza blokean, Zuazo auzoan.
Semeak zauritu ostean, bere buruaz beste egiten saiatu zen andrea.
Konortea galdu aurretik, baina, bikotekide ohiari (semeen aita) deitu zion telefonoz, jazotakoaren berri emateko, iturri horiek zehaztu dutenez.
Abisua jaso eta berehala, Ertzaintza eta Barakaldoko Udaltzaingoa bertaratu ziren, etxean sartu eta hiru zaurituak ospitalera eraman zituzten.
Geroago, emakumea atxilotu zuen Ertzaintzak. Ikerketa zabalik dago.