Gizartea -
Krisia Osakidetzan
Gurutzetako Ospitaleko medikuek "gezurretan" aritzea egotzi diete Donostialdeko ESIko zerbitzuburuei
Dimisioa eman zuen Donostia Ospitaleko zerbitzuburu batek esandakoei erantzun diote osagileek gutun bidez. Nabarmendu dutenez, Osakidetzaren zuzendaritzaren erabakiak ez dira "adiskidekeriaz" hartu, eta euren profesionaltasun eta izen ona defendatu dute.
EITB Media
Lasaitze bidean zen giroa gaiztotu egin da berriro Osakidetzan. Gurutzetako Ospitaleko bost medikuk "gezurretan eta asmo txarrez" aritzea egotzi diete Donostialdeko ESIko zerbitzuburuei eta dimisioa eman duten bertako arduradun batzuei, eta Osakidetzako zuzendaritzak "adiskidekeriaz" jokatzen duenik gezurtatu dute.
Kolon minbizia tratatzeko HIPEC teknika Gurutzetako Ospitalean —orain arte Donostiako erietxean bakarrik erabiltzen zuten— baimendu izanak trakestu du giroa, baina batez ere Adolfo Beguiristain Donostia Ospitaleko medikuen zuzendariordeak egunkari batean kaleratutako gutunak. Beguiristainek gogor jo zuen Osakidetzako zuzendaritzaren aurka (Sagarduiren dimisioa ere eskatu zuen) eta Gurutzetako Ospitaleko medikuek HIPEC teknika erabiltzeko behar den formazio eta eskarmentua ez zutela erantsi zuen. Horren arabera, azken 10 urteotan Donostiako Ospitaleak bakarrik erabili du teknika hori.
Beguiristainenek euren izen ona eta profesionaltasunaren kontra egin duela iritzita, beste eskutitz bat kaleratu dute gaur Gurutzetako Ospitaleko mediku arduradunek. EITB Mediak eskuratutako dokumentuan irakur daitekeenez, honako hauek sinatu dute agiria: Aitor de la Quintana Kirurgia Orokorreko arduraduna, Alberto Muñoz Onkologia Medikoko atalburua, Gaizka Mallabiabarrena Ginekologia Onkologiko zerbitzuburua, Andres Valdivieso Kirurgia Hepatobiliar eta Gibeletako Transplanteko Unitateko burua eta Txanton Martinez-Artorguiza Ginekologiako zerbitzuburua.
Gurutzetako profesionalek gutunean diotenez, orain arte isilik egon dira arazoa gehiago ez "nahaspilatzeko", baina Beguiristainek egindako "aieruen" aurrean "gauzak argi" utzi behar zituztela ebatzi dute.
Euren hitzetan, 1996tik egiten da Gurutzetako Ospitalean kartzinomatosi peritonealaren kirurgia. "Aurten, 43 ebakuntza egin ditugu, eta 2016tik, 130 baino gehiago", zehaztu dute. Hala, gaineratu dute, "ez da egia kirurgia mota hori Donostiako Ospitalean bakarrik egiten denik".
Aitortu dute ez dutela eskarmenturik HIPEC teknikan, baina gogorarazi dutenez, behin kirurgia eginda, "sabelaldean sartu beharreko minbiziaren kontrako botika berotzeko makina baino ez da". Euren hitzetan, ebakuntzen arrakasta "kirurgilariaren eskarmentuarekin dago lotua, ez bakarrik erabilitako makinarekin", eta horien kontura, "nola dabiltzan ikasi baino" ez dela egin behar.
Horren ildoan, HIPEC teknika erabiltzen hasteko baimena jaso berri dutela eta, Osakidetzako zuzendaritzak "adiskidekeriaz" aritu izana ezeztatu dute, eta 2016tik eskatzen ari direla jakinarazi.
"Argi utzi nahi dugu tratamendu hori erabiliko dugunok, hartu-eman profesionalaz harago, ez dugula inolako harremanik Osakidetzako zuzendariekin", azpimarratu dute.
Azkenik, gatazkan "nahastu" dituztela deitoratu dute, eta salatu dute ez dela "onargarria norberaren interesak oinarririk gabeko salaketen bidez defendatzea".