Gizartea -
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Oposizioak hondakinen planaren kontrako lau mozio onartu ditu
EAJk "erantzun gogorra" emango omen dio Bilduri, egitasmoa Batzar Nagusietara eraman nahi izan ez duelako. PPk, bere aldetik, Alduntzinen kontrako mozioa babesteko eskatu die gainerako alderdiei.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioak (PSE-EE, EAJ eta PP) lau mozio onartu ditu Foru Aldundiak aurkeztu duen hondakinen kudeaketarako planaren kontra.
EAJk iragarri du GBB datozen orduotan bilduko dela Bilduren jarrera aztertzeko, izan ere, koalizioak ez du zaborren egitasmoa Batzar Nagusietara eraman nahi eta oposizioko taldeen lau mozioen kontra bozkatu du. Euzko Alderdi Jeltzaleak "erantzun gogorra" emango omen dio arratsaldean Bilduri.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek bigarren saio monografikoa egin dute gaur zaborraren kudeaketaren inguruan Aldundiak aurkeztu duen plana eztabaidatzeko, eta berriro agerian geratu da EAJk, PSE-EEk eta PPk bat eginda koalizio abertzalea gutxiengoan geratzen dela gai honetan.
Hiru alderdi horiek elkarrekin adostutako lau mozio onartu dituzte Batzar Nagusiek (hiru alderdi horien babesarekin). Lehenengo mozioan aurreko Aldundiaren hondakinen plana aurrera eramatea eta "osorik defendatzea" eskatzen zaio Aldundiari.
Bigarrenean, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak aurkeztutako plan berria errefusatzen dute.
Hirugarrenean, Alduntzini, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente den heinean, "erakundearen estatutuetan agertzen den zazpigarren puntua, erakundearen helburu soziala azaltzen duena, betetzeko" eskatu diote.
Azkenak, laugarrenak, Bilduk aurreko Aldundiaren plana "goitik behera aldatu nahi duela" salatzen du. Hori dela eta, "Batzar nagusietan aurkeztu eta bozkatu" behar dela aldarrikatu dute.
Xabier Ezeizabarrena EAJren batzarkideak berretsi du Aldundiaren "arduragabetasuna" dela plan berria eta helburua "iruzur tekniko, sozial eta politikoa" egitea dela.
Mikel Duran PSE-EEren ordezkariak, bere aldetik, Bildu kritikatu du egungo hondakinen planari eusteagatik oposizioari "suntsitzaile" deitu diolako.
PPk, berriz, bereari eutsi dio, eta Txema Murguiondo batzarkideak Alduntzinen kontrako zentsura-mozioa aurkezteko negoziaketak abiatzea eskatu die EAJri eta PSE-EEri.
Idoia Ormazabal Bilduren bozeramaileak koalizioaren lana defendatu du eta Bilduri agintea herritarrek eman ziotela gogorarazi du. Oposizioko alderdiei erraustegia eraikitzeko duten "interes berezia" azaltzeko eskatu die.
Azkenik, Rebeka Ubera Aralarreko kideak Aldundia haien esku uztea proposatu die EAJri, PSE-EEri eta PPri. "Harro zaudete Ganbera honetan gehiengoa osatzen duzuelako eta Bilduk gehiengorik ez duelako, baina legegintzaldiaren hasieran horretarako ausardiarik eduki ez bazenuten ere, har ezazue Aldundia eta eraiki ezazue erraustegia", azpimarratu du batzarkideak ironia handiz.