Gizartea -

Espetxeak

Erradiografia: Euskadiko presoen profila eta estereotipo faltsuak

Preso gehienek Espainiako herritartasuna dute, eta gizonak dira. Batez ere 31 eta 50 urte bitarteko pertsonak dira. Delituen tipologia ohikoena ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoa da, eta espetxe-sailkapen ohikoena, 2. gradua.

Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin 1.562 pertsona daude espetxeetan askatasunik gabe. Horietatik 1.381 (% 88,41) zigortuta daude, eta 181 behin behineko espetxealdian dira, Eusko Jaurlaritzak Voxen galdera parlamentario bati emandako erantzunaren arabera.

Begirune Fundazioaren datuen arabera, preso gehienek Espainiako herritartasuna dute, eta gizonak dira. Hala, 1.180 preso Estatukoak dira, preso guztien % 75,54. Gainera, 1.431 gizonak dira, preso guztien % 91,61.

Bestalde, batez ere 31 eta 50 urte bitarteko pertsonak dira: Oro har, % 54,09 adin-tarte horretan daude.

Grafikoa: EITB Media

Pertsona horien delituen tipologia ohikoena ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoa da: delituen % 29,35. Halaber, garrantzitsuak dira genero indarkeriako delituak eta faltak (% 13,87), osasun publikoaren aurkako delituak (% 12,26) eta sexu askatasunaren aurkako delituak (% 10,57).

Grafikoa: EITB Media

Askatasunaz gabetutako pertsona horien espetxe-sailkapen ohikoena 2. gradua da (% 52,75), eta, ondoren, 3. gradua (% 21,95).

Estereotipo faltsuak

Begiruneren ikerketak ondorioztatu duenez, batzuetan, herritarren artean estereotipo faltsuak zabaltzen dira delinkuentzia eta immigrazioa lotzen dituztelako, batez ere jatorri jakin batzuetakoak, zenbait kolektibo edo jatorri segurtasun ezarekin eta delinkuentziarekin lotuz. Datuek, ostera, "erraz gezurtatzeko aukera ematen digute", azpimarratu du Fundazioak.

Txostenaren arabera, oso gutxi dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarren artean delituak egiten dituzten pertsonak.

Adibidez, kolektibo estigmatizatuenetako bat aipatzearren, EAEn bizi diren marokoarren artean, % 99,54 deliturik egin ez duten pertsonak dira, eta % 0,46 baino ez dago askatasunik gabe espetxeren batean.

Grafikoa: EITB Media

Begirunek salatu duenez, ohikoa da, era berean, atzerriko pertsonen etorrera Euskadin gertatzen diren delinkuentziaren eta delituen gorakadarekin lotzea.

Hala ere, datuek, berriro ere, aurreiritzi hori berehala desmuntatzeko aukera ematen dute; izan ere, Ertzaintzak delituei buruz azken urteotan egindako estatistikak eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak emandakoak kontuan hartuta, ez dago inolako loturarik migrazioaren eta delituen kopuruaren artean.

Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen kopuruak gora egin du 2010. urteaz geroztik (75.000 pertsona inguru gehiago bizi dira 2010eko datuekin alderatuta), baina delitu kopuruak urteko 90.000 kasutik behera jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa EAE albisteak Delituak azken ordukoa Presoak Arrazismoa albisteak Gizartea albisteak Espetxeen albisteak gaur