Gizartea -
2022-2023 ikasturtea
Pandemiako formatuari eutsiko dio unibertsitatera sartzeko probak: erantzun aukera gehiago eta test galderak
Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du "justifikatuta" dagoela pandemiaren ondorioz "ezohiko egoera" bizi izan duten ikasleek egoera horretara egokitutako azterketa egin behar izatea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Unibertsitatera sartzeko probak azken bi urteetako ildotik jarraituko du 2022-2023 ikasturtean ere. Hots, pandemian ezarritako irizpideak izango ditu kontuan: erantzun aukera gehiago izango dituzte azterketek, eta test motako galderak nagusituko dira.
Horixe da, hain zuzen, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako Ministerioak astearte honetan zabaldu, eta Europa Press albiste agentziak jaso duen informazioa.
Izan ere, 2023ko udan azterketa egingo duten ikasleek 2020az geroztik izan dituzten murrizketak eta trabak hartu dituzte kontuan azterketa diseinatzeko orduan, aipatu Ministerioak jakitera eman duenez.
Azterketen datak
2023ko ekainaren 16a baino lehen egin beharko dituzte azterketak erkidego guztiek, eta ekainaren 30erako argitaratu behin-behineko emaitzak.
Bestalde, ezohiko deialdiari dagozkion probak uztailaren 14rako egon beharko dira bukatuta. Kasu horretan, 2023ko uztailaren 21erako iritsiko dira emaitzak.
Bildarratzen ustez zentzuz hartutako erabakia da
Albistearen berri jasota, Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du justifikatuta dagoela pandemiaren ondorioz ezohiko egoera bizi izan duten ikasleek egoera horretara egokitutako azterketa egin behar izatea.