Gizartea -
2012ko egitaraua
'Riau-riau'arekin datoz aurtengo sanferminak
90. hamarkadan ez bezala, "riau-riau"n ez dela inongo istilurik egongo adierazi du alkateak.
Erredakzioa
Aurtengo sanferminetako berrikuntza nagusia "riau-riau"a izango da, 1996az geroztik egiten ez zuten ekitaldia.
Denera, 431 ekitaldi egongo dira sanferminetan, musika, zenenak, haurrentzako jarduerak eta kirola kontuan hartuta.
Enrique Maya Iruñeko alkateak aurkeztu du sanferminetako programa. 2, 4 milioi euroko aurrekontua izango du, 2011an baino % 8 gutxiago, eta 2008an baino % 20 gutxiago.
Oraindik ez dute erabaki txupinazoa zeinek botako duen eta alkateak berretsi duenez, aurtengo egitaraua "maila altukoa" izango da, lehengo urteko ospakizun antzekoak mantenduz.
Mayak adierazi du "ziur" dagoela aurten "riau-riau"n ez dela istilurik egongo, egitarau ofizialetik kentzera behartu zuten garaian ez bezala, eta normaltasun osoz egin ahal izatea espero du.
Ildo honetan, Udaltzaingoak bidalitako oharraz hitz egin du, izan ere, azken hauek ez dute "riau-riau"rik nahi, zinegotzien, herritarren eta udaltzainen segurtasuna arriskuan egon daitekeela argudiatuz. Alkatearen arabera, hori "hipotesi" bat besterik ez da, eta beste urteetan ez bezala, "normaltasunez" igarotzea espero duela adierazi du.
"Hainbeste maite dugun ekitaldi hau mantenduko den aro luze baten hasiera izatea espero dugu", esan du alkateak.
"Riau-riau"z gain, 431 ekintza antolatu dituzte; 305 musikalak, 77 haurrentzako jarduerak, 33 zezenketei lotutakoak, 8 herri kirolen ingurukoak eta beste hainbeste, instituzionalak.
Musika
Musika ere protagonista izango da aurtengo sanferminetan. Gaztelu Plazan, besteak beste, gauerdian, Seguridad Social, Robert Ramirez, Soraya, Conchita, Danza Invisible eta Revolever izango dira.
Foru plazan, ordea, berrikuntza bat. Su-artifizialak baino lehen gazte gune bat egongo da eta Macaco, Boicot, Bongo Botrako, De Acero, Ojos de Brujo, Ken Zazpi, La Fuga eta Sidonie egongo dira.
Egitaraua
Aurtengo sanferminetako egitarau osoa ikus dezakezu eitb.com-en.