Gizartea -
Protesta
Beste 2 auzipetuek ere ez dute deklaratu Barcinaren 'tartazo'en auzian
Salatu dutenez, "mendeku politikoa egiten ari dira delituaren maila ez duten ekintza batzuengatik".
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari Tolosan (Frantzia) tartak jaurtitzeagatik auzipetutako lau lagunetik bi zeuden gaur deklaratzera deituta Donostiako Justizia Jauregian, baina uko egin diote deklaratzeari, auzia Espainiako Estatuan epaitzearen kontra daudelako.
Lau auzipetuak Mugitu kolektibokoak (Abiadura Handiko Trenaren kontrakoak) dira, izan ere, talde horrek hartu zuen bere gain Barcinari, Pirinioetako Lan Komunitatearen kontseiluan, tartak jaurti izana.
Mikel Alvarez eta Ibon Garcia deitu dituzte gaur Donostian deklaratzera, eta Julio Villanueva eta Gorka Ovejero auzipetuek Iruñean egin zuten bezalaxe, uko egin diote deklaratzeari, auzia Frantziatik kanpo epaitzearen kontra daudelako.
Alvarezen eta Garciaren esanetan, ez daukate "Espainiako agintari judizialei inolako azalpenik eman beharrik", eta horregatik egin diote uko deklaratzeari.
Fidel Sanchez defentsa abokatuak prentsaurreko batean azaldu duenez, Mikel Alvarezi ez diote "Yolanda Barcinaren kontrako ekintzekin lotutako ezer leporatzen, prentsaurreko batean parte hartzeagatik auzipetu dute", eta "gertakarien gaineko gehiegizko zigorra aplikatzea" da hori.
Hori dela eta, " delituaren maila ez duten ekintza batzuengatik mendeku politikoa" egiten ari direla salatu du abokatuak.
Agintarien kontrako atentatuagatik ari dira tramitatzen Auzitegi nazionalean "tartazoen" auzia, eta auzipetuek 4 eta 6 urte arteko zigorra jaso dezakete, eta Gorka Ovejeroren kasuan 10 urtera arteko zigorra izan daiteke Arruatzuko alkatea delako.