Gizartea -
Euskadi Irratian
Garitano: 'Gipuzkoa punta-puntan jarriko da Europa osoan'
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hondakinak tratatzeko aurkeztu duten plana defendatu du, "etorkizunera begira egindako
Erredakzioa
Aldundiko buru denetik urtebete betetzear duenean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak balantze positiboa egin du:"Gauzak egiten ari gara, gure erara eta gure printzipioetara lotuta", eta, hori dela eta, "pozik" agertu da.
Euskadi Irratiko elkarrizketan, hondakinen kudeaketa izan dute hizpide. Atzo aurkeztu zuen Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak hondakinen kudeaketen proposamena, "oso ona teknikoki, etorkizunera begiratutako plan bat. Helburua birziklatze tasa ahalik eta gehien igotzea da, baina Europak agintzen duen bezala, eta norberaren ohiturak aldatzeko, beti izaten da erresistentzia txiki bat, baina hori da etorkizuna eta hori da bidea, ezin dugu atzerapausorik eman".
Erabakiak hondamendi ekonomikora garamatzala esan dute batzuek, baina "arduragabeki esaten diren gauzak ez dira kontuan hartu behar", Garitanoren ustez.
"Auzi honetan alderdien artean akordio bat egiteaasko gustatuko litzaidake, baina batzuk urrunegi joan dira eta ez da erraza izango, baina gustatuko litzaidake eta gure ateak irekita daude denekin hitz egiteko", esan du.
Plana garestiagoa izango dela kritikatzen dutenei "erdia gastatuko dugu" erantzun die, "beraz ez da garestiagoa".
"Gipuzkoa punta-puntan jarriko da hondakinen tratamenduan Europa osoan", ondorioztatu du.
Helburua, Jaurlaritza gobernatzea
Halaber, EAEko hauteskundeen inguruan "badirudi hauteskundeak aurreratuko direla". Ildo honetan Bilduren lehendakarigaia "ez dago erabakita, baina laster erabakiko da eta potentea izango da", nabarmendu du. "Helburua, Jaurlaritza Gobernatzeada. Guk proiektu bat badugu, eta oso garbi daukagu".
Gobernuaren birgizarteratze planaren harira, "nik amnistia hitza ez dut erabili", argitu du. "Guk euskal gizarte normalizatua nahi dugu, eta hor ez da preso politikorik egon behar", zehaztu du.
Bestetik, "ETAk lehenengo puntua bete du eta Espainiak eta Frantziak ez dute berea bete, beraz, deia eurei egin behar zaie. Aieteko eskema da jarraitu beharrekoa", berretsi du.
Fiskalitatea eta zerga amnistia
Bestalde, Gipuzkoak ez duela zerga amnistia ezarriko berretsi du. "Ezta pentsatu ere. Iruzur egin duen aberats bati zerga amnistia ezartzea lotsagarria da".
Fiskalitate arloan "sozialistak izan dira bidelagun, aurrerantzean ere beste esparruetan berdin jarraitzea nahi dugu". Baina alderdi guztiekin akordioak sinatzea gustatuko litzaiokeela adierazi du.
Atzo Adegiko presidentearekin, Gibelalderekin, bilera izan ostean, "inori ez zaio gustatzen zerga gehiago ordaintzea, baina ulertu behar dugu elkartasunak eskatzen duela gehien duenak gehiago ordaindu behar duela, eta hori da gure ardura", esan du.