Gizartea -
Gaitzespen adierazpena
Bilboko Udalak gogor gaitzetsi du Deustuko hilketa
Ostiralean jazotako hilketarekiko "ulertezintasuna" erakutsi du bozeramaileen batzordeak eta astearte eguerdirako elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian.
Erredakzioa
Bilboko Udaletxeko bozeramaileen batzordeak joan den ostiralean Deustun jazo zen hilketa gaitzetsi du goizean eta heriotza horren inguruko "ulertezintasuna" erakutsi du.
42 urteko emakumea aiztokadaz hil zuen bizilagun batek kalean, ustezko hiltzailea kartzelan dago jada. Eraikineko gainerako bizilagunek adierazi dutenez, akusatua gizon gatazkatia da eta ohikoak ziren bizilagunen eta bere arteko liskarrak.
Udalak goizean adostu duen idatzian eraso mota guztiak gaitzetsi dituzte, baina, "emakumeen kontrakoak batik bat". Biktimaren familiako kideei eta ingurukoei elkartasuna adierazi diete eta astearte eguerdirako elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian.