Gizartea -
Lekunberriko hilketa
Fiskalak 18 urteko zigorra eskatu du Lavanderaren hiltzailearentzat
Akusazioa "hilketa" kategoriara igo du eta azpimarratu egin du akusatua "biktima hiltzera" joan zela, "traizioz", eta akusatuak defenditzeko aukerarik izan ez zuela.
Erredakzioa
Fiskaltzak aurretik egindako eskaera aldatu eta 18 urteko kartzela zigorra eskatu du Asier Lavandera gazte Gipuzkoarraren hilketagatik. Horrekin batera, akusazioa "hilketa" kategoriara igo du. Lavandera Lekunberriko diskoteka baten irteeran hil zuten 2010eko urtarrilean.
Hasiera batean, Fiskalak 14 urteko eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat, gizahilketa leporatuta. Hala ere, azken ondorioetan akusazioa hilketa kategoriara igotzea erabaki du S.F.R.S. akusatuak "biktima ezustekoan eta azpikeriaz hiltzera joan zelako, defendatzeko aukerarik eman gabe".
"Defendatzeko aukerarik gabe""Asierrek ez zuen bere burua defendatzeko aukerarik izan. Akusatua gainera etorri zitzaion eta berak ezin izan zuen ezer egin. Atzeko aldetik eraso egin zion, oso larri zaurituta zegoenean", esan du Fiskaltzako ordezkariak. "Hiltzeko asmoarekin eraso zion", azpimarratu du.
Akusazio partikularrari dagokionez, senideena, 25 urteko kartzela-zigorraren eskaerari eutsi dio, "azpikeriaz eta basakeriaz" egindako hilketagatik. Defentsak, aldiz, bi urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du gizahilketagatik. Horretarako akusatuak krimena aitortu izana, mozkor egotea, probokazioa eta pertsonalitate arazoak argudiatu ditu defentsak.