Gizartea -

Asier Lavanderaren heriotza

Lavanderaren ustezko hiltzailearen lagunek 'ez zuten ezer ikusi'

Hasieran inputatuta egon ziren ustezko hiltzailearen hiru lagunek edaten egon zirela kontatu dute epaiketaren bigarren saioan.

Lavanderaren ustezko hiltzailearen aurkako epiketaren bigarren saioa. EITB
Lavanderaren ustezko hiltzailearen aurkako epiketaren bigarren saioa. EITB
Lavanderaren hiltzailearen lagunek ez zuten ezer ikusi

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Lavandera hil zuela onartu zuen gaztearen lagunek ukatu egin dute gertatutakoa ikusi zutela eta "Portuk" (horrela deitzen diote akusatuari) hasieratik hilketa bere gain hartu zuela berretsi dute.

Epaiketaren bigarren saioan, hasieran inputatuta egon ziren ustezko hiltzailearen hiru lagunek deklaratu dute.

Horietako batek (Diego V.M.) adierazi duenez, txikitatik ezagutzen du akusatua, abegi-etxe berean egon zirelako. Gertakari horiek izan zirenean, diskoteka itxi zutenean, neska batekin kotxera joan zela kontatu du, eta "Portu" beste neska batekin geratu zela. Mutil talde batek, horren esanetan, hori gaizki hartu zuen eta, hori dela eta, laguna jo egin zuten.

Lekukoak ukatu egin du gertatutakoa ikusi izana, eta dena gertatu ostean eta kotxean joan zirenean jakin zuela berretsi du. Iruñera bidean, akusatuak "larritu egin zela eta botila batekin zetozela ikusi zuenean, bati bost labankada sartu zizkiola" kontatu ziela adierazi du.

Orduan, "errieta" egin ziotela esan du, "nahaste-borraste itzelean sartu gintuelako. Zuri geratu ginen. Ezin da justifikatu egindakoa, baina ezta jendetza bi lagunengana eskuetan kristalezko botilak daramatzatela joatea ere", gaineratu du.

Bigarren lagunak, Kepa M.G.-k, berretsi egin du Iruñean edaten egon zirela eta dantzalekuan ere jarraitu zutela. Kotxeko gidariak aurreko lekukoak esandakoaren aurkakoa esan du, eta berak ez zuela kotxean gertatutakoaren berri izan adierazi du. Guardia Zibilak Berriozarren geldiarazi zienean jakin zuela gaineratu du.

Gau hartan ibilgailuan zen laugarren pertsonak, Fernando R.M-k, aurrekoarekin bat egin du honako hau esatean: diskoteka ixtear zeudenean biak autora joan zirela lagunei itxarotera eta ez zutela eztabaida bat izan zela jakin, "Portuk" eta Diegok eurei horren berri eman arte. Iruñera iristen ari zirenean, akusatuak gazteari lau labankada eman zizkiola esan zuen.

Ondoren, kasu hartan parte hartu zuten Guardia Zibileko agente batzuek hitz egin dute. Ikerketaren arduradunak adierazi du akusatua atxilotzean odol zantzuak zituen labana bat aurkitu ziotela barruko arropa artean. Agenteak bat etorri dira diskotekako aparkalekuan botilarik ez zegoela esatean. Ondorioz, akusatuak orduan izandako jarrera arrazoitzeko aipatutako borrokaren zantzurik ez zutela aurkitu adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea