Gizartea -
Iruñeko Justizia Auzitegian
Lekunberrin hildako Asier Lavanderaren inguruko epaiketa hasi da
Epaimahai osatu eta Lekunberri heriotza argitzeko epaiketa hasi da Iruñeko Justizia Auzitegian. Fiskaltzak 14 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuarentzat.
Erredakzioa
Asier Lavandera gaztearen hilketa argitzeko epaiketa hasi da astelehen honetan Iruñeko Justizia Auzitegian. Gazte donostiarra 2010eko urtarrilaren 16an hil zen Lekunberriko Mao Mao diskotekaren atarian hainbat labankada jaso eta gero. Herri epaimahaia osatu eta ostirala arte luzatuko da epaiketa.
Akusazio partikularrak hilketa delitua ezartzea eskatu du eta Sergio Fernando R.S. akusatuarentzat 25 urteko zigorra eskatu du "azpikeriaz eta basakeriaz" jokatu zuela argudiatuta, baita hildakoaren gurasoei 300.000 euroko kalte-ordaina ematea ere.
Defentsak, ordea, homizidioa izan zela argudiatu du eta zirkunstantzia aringarriak aipatu ditu, besteak beste, prozedura judiziala hasi baino lehen egindakoa kontatu izana eta egoera pertsonalengatik "desoreka psikotikoak" izatea, baita edana egotea ere.
Fiskalaren arabera, akusatuak onartu du biktimari hainbat "labankada" sartu zizkiola eta "ez da inoiz damutu". Asier, "21 urteko donostiarra zen, seme bakarra, gurasoekin bizi zen eta neska-laguna zuen, gainera, lan-kontratu mugagabe bat sinatu berri zuen; bizitza aldeko zuen", adierazi du akusazio partikularrak.
Akusatuaren aurkako probokazioa egotea ukatu du, eta hasiera batean, laban "handi" batekin Lavanderaren lagun bati eraso egiten saiatu zela nabarmendu du, baina lortu ez eta Asierrengana joan zela kontatu du. "Sorpresaz, eta atzetik" hiru labankada sartu zizkion, eta "ahultasun egoeraz aprobetxatuta, beste bi sartu zizkion ondoren". Akusatuak bere burua erruduntzat jotzearen inguruan, Guardia Zibilaren kontrol batean atzeman zutela adierazi du, Lavanderaren lagun batek ihes joan zen ibilgailuaren matrikula poliziari esan ostean.
Defentsaren arabera, akusatuak proposatutako lekukoak "kontraesanetan erortzen" dira eta "ez dute egia kontatzen". Gainera, akusatuak labankadak "aurretik" sartu zizkiola gaineratu du, izan ere, "zorionez edo zoritxarrez, labanarekin oso trebea da".
Gizahilketarik ez dagoela gaineratu du, "ez zuelako biktimaren sufrimendua bilatu", eta akusatuaren "nortasun desorekak ardura gutxitu" egiten diola defendatu du, baita "edana egoteak, biktimak lehenago eraso egiteak eta Guardia Zibilari gertatutakoa kontatzeak" ere.