Gizartea -
Heriotza
Juan Maria Urdangarin Berriotxoa, Iñaki Urdangarinen aita, hil da
Ostegun honetan zendu da, 79 urte zituela. Hileta larunbatean egingo dute, Gasteizen, eta erregina eta Elena infanta ostiral honetan egingo dute Gasteizera bidaia. Iñaki Urdangarin bertan dago.
Erredakzioa
Juan Maria Urdangarin Berriotxoa zendu da, ostegun honetan, familia iturriek jakitera eman dutenez. Iñaki Urdangarinen aitak 79 urte zituen.
Aspalditik zegoen gaixo, eta bere egoerak txarrera egin du azken egunetan. Hori-dela eta, asteartean Washingtonetik Gasteizera egin zuen bidaia Iñaki Urdangarinek, eta ordutik dago Arabako hiriburuan. Cristina infantak Washingtonen izan du heriotzaren berri.
Espainiako erregina eta Elena infanta ostiral honetan joango dira Gasteizera, familiari dolumina adierazteko, Errege Etxeak iragarri duenez.
Hileta elizkizuna larunbatean egingo dute, Armentiako San Prudentzio basilikan, Gasteizen.
1932an jaio zen Juan Maria Urdangarin, Zumarragan. Ingeniaritza Industriala eta Administrazioa eta Enpresa Kudeaketa ikasi zituen, eta 80ko hamarkada hasieran Bartzelona utzi zuen (kimika arloan egiten zuen lan bertan), Gasteizera joateko. Arabako hiriburuan Fuchs Alemaniako multinazionalean aritu zen lanean 25 urtez, zuzendari orokor eta kontseilari gisa.
EAJko kidea, Vital Kutxako presidente izan zen 1996tik 2000ra.
Clara Liebaertekin zegoen ezkonduta, eta zazpi seme-alaba zituzten.