Gizartea -
Hilabete, hil zela
Iñigo Cabacas gogoratu dute Bilbon, partida aurretik
Ehunka lagunek manifestazioa egin dute asteazken honetan, "Iñigo gogoan zaitugu'' lelopean. Gaztearen lagunek adierazpen bat irakurri dute, eta txalo zaparrada batekin bukatu dute ekitaldia.
Erredakzioa
Ehunka lagunek Iñigo Cabacas Liceranzu gaztea gogoratu dute asteazken honetan Bilbon, manifestazio batean. Orain hilabete hil zen gaztea, Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz.
Familiak eta lagunek deitu dute martxa, "Iñigo gogoan zaitugu" lelopean, eta Moyua plazatik abiatu da txalo artean. Bertan bildu direnek isilik egin dute Bilboko udaletxerainoko ibilbidea.Han, adierazpen bat irakurri dute lñigo Cabacas gaztearen lagunek, eta joan den apirilaren 5ean gertatutakoa argitzeko eskatu diote Herrizaingo Sailari. Horretarako, ''ikerketa gardena'' eskatu dute, ''inolaz ere interes korporatibista eta polizialen aurrean makurtuta egon beharko ez duena''. ''Iñigoren heriotzaren erantzuleak epaitu eta zigortu'' ditzaten eskatu dute testu horretan.Horrez gain, apirilaren 5ean gertatutakoa ikusi zutenei familiarekin harremanetan jartzeko deialdia egin diete, ''ahalik eta datu, argazki eta bideorik gehien bildu eta epaitegian aurkeztu ahal izateko''. ''Erantzukizunak eta justizia eskatzen jarraitzeko'' deialdi gehiago egingo dituztela aurreratu dute Cabacasen lagunek, ''Iñigoren heriotza ahaztu ez dadin''.Adierazpena irakurri ondoren, txaloaldi luze batekin bukatu da ekitaldia, hasi era ordubetera.