Ume lapurtuak -
Salaketa
SOS Ume Lapurtuak taldeak agiri medikoak lortzeko trabak salatu ditu
Elkartearen arabera, 200 lagunetik gora daude agiriak aurkitu ezinik eta erakunde publikoen laguntza eza kritikatu dute.
Erredakzioa
SOS Ume Lapurtuak, 1940 eta 1990 urteen artean EAEn izandako ustezko ume lapurreten kaltedunak biltzen dituen elkarteak, EAEko 200 bat lagunek ospitale eta kliniketako (publikoak zein pribatuak) agiri medikoak eskuratu ahal izateko dituzten trabak salatu ditu eta horiek bilatzeko erakunde publikoen kolaborazio eza salatu dute.
Flor Diaz eta Marian Zubia elkarteko presidenteak eta bozeramaileak jakinarazi dutenez, taldeko 219 kidek ez dute agiri medikorik edota dituzten txostenak osatu gabe daude (144 Gipuzkoan eta 75 Bizkaian eta Araban). Agiri horiek edozein ikerketa egiteko oinarrizko informazioa direla azpimarratu dute eta hori dela eta ama batzuek umea izan zutela ziurtatzeko ere arazoak dituztela azpìmarratu dute.
Ustez hilda jaio edo jaio eta berehala hil ziren umeen erditzeen inguruko agiriak eskatzean ospitale edo zentro askok agiririk ez diete ematen adierazi dute "kasu gehienetan ez direla existitzen argudiatuta".
Erakunde publikoei "benetan" laguntzeko eskatu diete
Osasun zentroen kolaborazio ezaz gain agiriak lortzeko garaian EAEko erakunde publikoen lankidetza eza ere salatu dute. "Gobernuen eta politikarien promesak jaso arren bakarrik jarraitzen dugu eta falta zaizkigun senideen bila babesik jaso gabe ari gara", erantsi du Diazek.
Hala, joan den martxoan Eusko Legebiltzarrean eratutako batzordearen gelditasuna salatu dute eta "erakunde guztiei hitz politak utzi eta benetan" laguntzeko eskatu diete.