Gizartea -

Utzarazpenen kontrako plana

Jaurlaritzak alokairua eskainiko die etxetik kaleratzen dituztenei

Utzarazpenak saihestea helburu duen planak hipoteka bat adosteko orduan aholkularitza zerbitzua eskainiko du eta baita zorpetutako familien eta bankuen arteko bitartekaritza ere.

Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburuak. EITB
Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburuak. EITB
Etxegabetzeak: Bitartekaritza zerbitzua eta alokairu soziala

02:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak hipotekari aurre egiteko zailtasunak direla eta etxea galdu edo galtzeko arriskuan dauden herritarrei laguntzeko programa bat jarri du abian. Planak, hain zuzen, zorpetutako familien eta finantza erakundeen arteko bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du eta baita etxetik kaleratuak izan direnei alokairu soziala eskaintzeko aukera.

Plana goizean aurkeztu dute, Gasteizen, baina Jaurlaritza finantza erakundeekin negoziatzen ari da oraindik, ekimen hau babes dezaten.

Utzarazpenak bikoiztu egin dira

Aurkeztu berri den programaren helburua nagusia utzarazpen kopurua jaistea da. Azken lau urteetan hipotekari aurre egin ezinda etxetik kaleratuak izan direnen kopurua bikoiztu egin da, 2.242 familia izan dira euren etxeetatik kaleratuak. Idoia Mendia Justizia sailburuak esan duenez, herritar horiei segurtasun neurri bat eskaini nahi zaie gaur abian jarri duten planarekin.

Utzarazpenen kontrako zerbitzua Idoia Mendia Justizia sailburuak, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak eta Ana Collia Kontsumobideko zuzendariak aurkeztu dute, horiek guztiek parte hartuko baitute programa horretan.

Planaren ardatzak

Programa hiru ardatzetan oinarrituta dago: bitartekaritza, aholkularitza eta utzarazpena jasan dutenei alokairu soziala eskaintzean, alegia.

Bitartekaritza zerbitzua hipotekaren kreditua ordaindu ezin dutenei zuzenduta dago, hau da, finantza erakundearekin baldintzak birnegoziatzea lortu ez duten haiei alegia.

Mendiak azaldu duenez, hipotekari aurre egiteko zailtasunak dituztenen artean % 5 daude kasu horretan, eta gainerako guztiek bankuarekin maileguaren baldintzak birnegoziatzea lortzen dutela azpimarratu du Justizia sailburuak.

Jaurlaritzako Justizia Sailak dohainik eskainiko duen zerbitzu honi esker, ondare-exekuzioetan adituak direnek hipotekaren maileguaren baldintzak birnegoziatzea lortu ez duten familien egoera analizatuko dute.

Bitartekaritza programa hau ohiko etxebizitza erosi ondoren zorpetutako herritarrei dago bideratuta, beti ere, mailegua 350.000 euroz azpikoa bada.

Alokairu soziala etxetik kaleratzen dituztenentzat

Bestalde, Jaurlaritzak etxetik kaleratu dituzten herritarrei ere laguntza eskainiko die. Kasu horietan, Etxebizitza Sailak alokairu sozialeko etxebizitza bat eskainiko die utzarazpena pairatu ostean gero gizarte-esklusioa jasateko arrisku larrian daudenei.

Finantza hitzarmen baten laguntzarekin egindako Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, Exekutiboak etxebizitzak erosiko ditu eta zorra ordaindu beharra kenduko dio jabeari.

Azkenik, Kontsumobidek hipoteka bat kontratatu behar duten herritarrei informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die, kontratuaren atal eta baldintza guztiak kontuan izan ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea