Gizartea -
Gipuzkoako hondakinak
Unzalu: 'Gipuzkoak ia beterik ditu zabortegiak'
Legebiltzarrak, bestalde, eskaera egin dio Gipuzkoako Aldundiari, hondakinen inguruan hartutako konpromisoak bete ditzan.
Erredakzioa
Pilar Unzalu Ingurumen sailburua "oso kezkatuta" dago Gipuzkoako hondakinen arazoarekin, "egoera oso larria baita, eta zabortegiak betetzear baitaude".
Gipuzkoako zaborrak direla eta Gipuzkoako eta Bizkaiko goi-agintarien artean sortu den eztabaidari buruz hitz egin du Unzaluk, Bizkaiko Foru Aldundiak urtean gipuzkoarren 25.000 tona zabor Igorreko zabortegira eramateko hitzarmena (datorren ekainaren 12an bukatzen da) ez duela luzatuko adierazi ondoren.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak "hondakinak kudeatzeko aurreko planean izandako adostasuna errepikatzea" nahiko luke, hori "osoko plana" baitzen, biltzeko modua kontuan izateaz gain, "hondakin guztiak amaierara arte nola kudeatzen ziren jasotzen baitzuen".
Gipuzkoak bere hondakinak Bizkaira eramaten jarraitu ezin badu, "hondakinekin zer egingo duten" udalei galdetu behar zaiela esan du Unzaluk; izan ere, San Marcoseko zabortegia itxi ostean, Gipuzkoako hiru zabortegiak betetzear daude.
Unzaluren hitzetan, Gipuzkoan beste mota bateko zabortegiak daude, hondakin inerteen zabortegiak, industria-hondakin ez kutsatzaileen zabortegiak deritzenak, baina materia organikoa jasotzeko moldatu behar izatekotan, "lan eta inbertsio oso handiak beharko dira egun indarrean dagoen araudira moldatzeko". "Horrek gipuzkoar guztien poltsikoetako diru asko eskatuko luke", gaineratu du.
Auzia, Legebiltzarrean ereZaborraren auzia dela eta, Legebiltzarrak eskaera egin dio Gipuzkoako Aldundiari, hondakinen inguruan hartutako konpromisoak bete ditzan. Besteak beste, Zubietan errauste planta eraikitzea. Ekimena, jeltzale, sozialista eta popularren babesarekin atera da aurrera.