Gizartea -
75. urteurrena
eitb.com-ek Gernikako bonbardaketa Twitterren kontatuko du, 'zuzenean'
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, eitb.com-ek minutuz minutu kontatuko du gertaera lazgarri hura, bertatik bertara bizi izan zuten hamar pertsonaren ikuspuntuetatik, Twitter tresna baliatuz.
Erredakzioa
1937ko apirilaren 26an,Euskadiren gertuko historian mugarria ezarri zuen gertaera lazgarri bat jazo zen: Gernikako bonbardaketa. Hori baino lehen, beste herri batzuek, Durangok eta Otxandiok kasu, Italiako eta Alemaniako hegazkinen erasoak pairatu zituzten; populazio zibila larri kolpatu eta kalte larriak egin zituzten. Dena den, Gernikako bonbardaketaren sinbolismoak leku propioa eman dio guden historia beltzean.
Bonbardaketa gaur egun jazo izan balitz orduan protagonista izan zirenetako batzuek nola kontatuko zuketen irudikatu nahi izan dugu. Gernikako Bakearen Museoarekin eta Bonbardeoari buruzko Dokumentazio Zentruarekin elkarlanean, eitb.com-ek duela 75 urteko apirilaren 26 hura gogora ekarri nahi izan du. Ordukoarekin lotura zuzena izan zuten hamar pertsonak –horietako batzuk oraindik bizi dira– gaur egungo baliabideekin egun hura nola kontatuko luketen irudikatu dugu.
Egun madarikatu hartan protagonista izen zirenetako batzuek hitza hartuko dute, sare sozialen bidez: Jose Antonio Agirre lehendakariak, Emilio Mola eta von Richtoffen jeneralek, George L. Steer kazetariak, eta Luis Iriondo, Andone Bidaguren eta Mateo Malaxetxebarria gernikarrek egun hartako gertaerak biziberrituko dituzte, besteak beste.
Goizean goizetik hasita, hegazkinen orroak hautsitako arratsalde lasaia igarota, gaueko iluntasunak Gernika suntsitua estali zuen arte biziberritu dugu eguna, eta pausuz pausu jarraitu ahal izango da eitb.com-en, eta Twitterren #gernika75 hastag-a (etiketa) jarraituz.
Interneteko tresnak baliatuz eta historiarekin ahalik eta zintzoen jokatuz, Gernikako bonbardaketa nola bizi izan zen gaurkotu nahi dugu ekimen honen bidez. Halaber, Gernikako bonbardaketaren inguruko beste hainbat eduki ere aurkitu ahal izango ditu erabiltzaileak eitb.com-en, hala nola bideoak, argazkiak edota infografia. Gainera, eitbnahieranen gertaera horren inguruko dokumentalak izango dira ikusgai.