Gizartea -
Epaiketa
Iñigo Cabacasen familia akusazio gisa agertuko da epaiketan
Cabacasen senideen legezko ordezkaritza akusazio gisa jardungo da, Fiskaltzarekin batera. Auzitegiak Herrizaingo Sailaren atestatua jaso du jada.
Erredakzioa
Iñigo Cabacas gaztearen sendia, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen Athleticeko zalearen sendia, gaztearen heriotza argitzeko Bilboko 10. Epaitegian ireki den prozedura judizialean agertu da.
Iturri juridikoek adierazi dutenez, Cabacasen senideen legezko ordezkaritzak bideratuko du akusazioa, Fiskaltzarekin batera, joan den ostiralean auzian agertu eta gero.
Epaitegiak esku artean ditu jada apirilaren 12an Herrizaingo Sailak igorri zuen atestatua eta ondoren horri gaineratu dioten gehigarria.
Dokumentazioan, apirilaren 5ean San Mamesen Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partida jokatu ostean izandako istiluen eta euren esku-hartzearen inguruan ertzainek egin zituzten adierazpenak jasotzen dira. Esku-hartze horretan ertzainek botatako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larri zauritu zuen, eta apirilaren 9an hil zen.
Agintari judizialari bidalitako autopsiaren txostenaren arabera, gaztea pilotakada baten ondorioz hil zen. Oraindik ez du ertzain batek ere deklaratu, eta epaileak eskuetan dituen datuak erabiliz erabaki beharko du nori deituko dion deklaratzera Iñigo Cabacasen heriotzan erantzukizunik izan duen zehazteko.