Gizartea -
Pilotakada baten ondorioz
Ertzainek Iñigo Cabacasi buruz: 'Aginduak bakarrik bete ohi ditugu'
Iñigo Cabacasek pilotaka jasan zuen istiluetan parte hartu zuten bi ertzainek esan dutenez, "lur jota" eginda daude eta jazotakoa "ezbehar deitoragarri bat izan zen".
Erredakzioa
Joan den apirilaren 5ean Iñigo Cabacas Athleticen zaleak Ertzaintzaren pilotakada bat jasan zuen istiluetan parte hartu zuten ertzain bik azpimarratu dutenez, "ez gara kriminalak, agindutakoa bakarrik betetzen dugu". Athleticen eta Shalke 04ren arteko partidaren ostean Bilbon izandako Ertzaintzaren kargan izan ziren bi kidek egindako adierazpenak jaso ditu igande honetan 'El Mundo' egunkariak.
Ertzain hauek nabarmendu dutenez, "lur jota eginda" daude. Gainera, Iñigo Cabacasen senitartekoei "doluminak eskaini" nahi dizkietela esan dute. Haien esanetan, "jazotakoa ezbehar deitoragarri bat izan zen, ez gara kriminalak".
Gertaeraren egunean "bertara joan ginen, ez inori jaia izorratzeko, istiluak zeudela eta bertan ari ziren ertzainek laguntza behar zutelako baizik". Erantzunkizunari dagokionez, haiek "langileak besterik ez" direla azpimarratu dute. "Pilotakadak botatzeko erabakia ez dugu guk hartzen, aginduak besterik ez ditugu betetzen", esan dute.
Zentzu honetan, Herrizaingo Saileko jarrera ikusita, "apur bat babesik gabe" sentitu direla salatu dute. "Guk ez dugu ezer oker egin eta ez dugu ezer izkutatuko", baieztatu dute agenteek, "dena argitzea nahi dugu".
Ertzain batek azaldu duenez, Cabacas pilotakada baten ondorioz hil izana jarri du zalantzan. "Iñigoren zauria gomazko pilota batek eragin ditzakeen zauriekin bat etor daitekeela dio autopsiak baina ez du esaten pilotakada baten ondorioz hil zela", adierazi du beste agente batek.
Elkarretaratzea
Bestalde, "Denok gara Ertzaintza" lelopean elkarretaratze bat egingo dute astelehen honetan Erne, Esan, Sipe eta Euspel sindikatuek Deustuko komisariaren aurrean, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, Ertzaintza "gaizkiletzat" hartu dutela salatzeko.