Gizartea -
Legebiltzarraren atarian
Xuban Nafarrateren kasua salatzeko eserialdia deitu dute
Gasteizko hainbat gizarte taldek deitu dute protesta datorren asteartean Legebiltzarraren aurrean, martxoaren 29ko mobilizazioetan larri zauritu zen gaztearen kasua salatzeko.
Erredakzioa
Gasteizko hainbat gizarte taldek Eusko Legebiltzarraren aurrean eserialdia deitu dute datorren asteartean, 18:00etan, Xuban Nafarrateren kasua salatzeko. 19 urteko gasteiztarra greba eguneko mobilizazioetan larri zauritu zen.
Protesta deitu duten ordu berean, alegia, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren agerraldia dago aurreikusita Legebiltzarrean, Ertzaintzak lanuzte orokorreko egunean eta Xuban Nafarrateren kasuan izandako jarreraren inguruko azalpenak emango ditu.
Xuban Nafarratek buruko traumatismo larria jasan zuen greba orokorreko mobilizazio batean parte hartzen ari zela. Herrizaingo Sailak ziurtatu zuenez, zauria polizia karga baten ostean lurrera erori eta gero jasan zuen, Nafarrateren senideek, ordea, buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuela diote.
ESK, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek; Maru eta Martxoak 3 elkarteek; Salhaketa, Elkartzen eta Plazara! taldeek; eta Gasteizko Gazte Mugimenduak azaldu dutenez, Ertzaintzak egun hartan erakutsitako "errepresiozko jarrerak inflexio puntu bat" ezarri du "bere indarkeria mailagatik".
Halaber, Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen heriotzak "Ertzaintzaren jarduteko modua agerian utzi" duela adierazi dute, eta baita "bere ekintza propioek eragindako ondorioak onartzeko duen gaitasuna" ere.