Gizartea -
Sendagaien koordainketa
Euskadik halabeharrez ezarri beharko du sendagaien koordainketa
Espainiako Gobernuak errege-dekretu baten bidez onartuko du neurria. Horrenbestez, erkidego guztietan bete beharko da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ezarri egin beharko du Euskadin Mariano Rajoyren Gobernuak diseinatutako koordainketa sendagaietan. Izan ere, Exekutibo zentralak errege-dekretu bidez onartuko du ostiral honetan eta, beraz, erkidego guztiek halabeharrez bete beharko dute.
Neurri horrekin, herritarrek garestiago ordainduko dituzte sendagaiak, eta pentsiodunek, adibidez, lehen aldiz ordainduko dituzte.
Orain arte, erretirodunek ez zuten ordaintzen sendagaien truke, pentsioa handia edo txikia izan. Erreformarekin, baina, prezioaren % 10 ordainduko dute.
Dena dela, urteko pentsioa 18.000 euro artekoa bada, hilabetean 8 euro ordainduko dituzte gehien jota. Handiagoa bada, muga 18 eurokoa izango da.
Gaixo kronikoentzat ez dute neurri zehatzik adostu. Horrenbestez, 8-18 euroko aipatu muga ezarriko zaie.
Langileei dagokienez, orain arte sendagaien % 40 ordaintzen zuten, baina orain % 10 gehiago ordainduko dute, hau da, prezioaren % 50 orotara, urteko soldata 100.000 euro artekoa bada. Gehiago irabazten badute, % 60 ordainduko dute.
Langabeek ere gehiago ordainduko dute sendagaien truke, baina kasu honetan ezberdindu egingo dute prestazioa dutenen eta ez dutenen artean. Hori horrela, prestazioa jasotzen dutenek langileek bezala ordainduko dute. Berrikuntza prestaziorik ez dutenekin etorri da, ez baitute ezer ordainduko lana topatu arte.
Beste salbuespen bat: kotizazio gabeko pentsioa dutenek ere ez dute ezer ordainduko. Euskadin, 12.000 pertsona daude pentsio mota horrekin.
Sendagaien koordainketa ostiral honetan onartuko du Espainiako Gobernuak, baina hilabete batzuen buruan sartuko da indarrean, zehetasun teknikoak konpondu arte.
HALABEHARREZ BETETZEKOA
Erkidego batzuk, tartean Euskadi, koordainketarekin ados ez badaude ere, denek ezarri beharko dute, nahitaez.
Horren ildotik, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du neurria ez dela "solidarioa", eta ez dituela konponduko "osasun sistemaren erronka nagusiak".
Ikusteke dago zerk egingo duten Katalunian, aldez aurretik ezarrita baitzeukaten beste koordainketa mota bat. Hain zuzen ere, herritarrek euro bat ordaintzen dute errezeta bakoitzeko.
BESTE NEURRI BATZUK
Atzo, Ana Mato Osasun ministroak iragarri zuem Gobernuak beste neurri batzuk adostu zituela autonomia erkidegoekin, tartean, osasun turismoarekin amaitzeko neurriak. Hau da, "osasun arreta jasotzeko helburuarekin beste herrialde batera joatea" debekatzea onartu dute.
"Artikulu hori (Espainiako Zuzenbidean) jaso gabe dagoenez, Europako herritar askok Espainiara bidaiatzen dute osasun arreta jasotzeko soilik. Osasun arloan europar askok espainiar askok baino eskubide gehiago izateraino", adierazi zuen.
Zehazki, ia 700.000 atzerritarrek osasun txartelerako eskubiderik gabe arreta jaso dute kalkulatu dute eta 917 milioi euroko gastua eragin duela horrek.
Halaber, Osasun ministerioak eta erkidegoek Osasun Zerbitzu Nazionalean amankomuneko zerbitzuen kartera bat ezartzea adostu dute, "espainiar guztiek osasun prestazio berdinak, eta kalitate onenekoak", izan ditzaten.