Gizartea -

Koordainketa sendagaietan

Gehienez 18 euro ordainduko dituzte pentsiodunek botiken truke, hilean

Sendagaiak erabat doakoak izango dira prestaziorik gabeko langabeentzat, eta ‘osasun turismoaren’ kontrol handiagoa egingo dute, gehiegikeriak saihesteko.

Ana Mato. Efe.
Ana Mato. Efe.
Zertan datza sendagaien koordainketa?

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordaindutakoaren araberako erretiro pentsioak dituztenek sendagaien % 10 ordaindu beharko dute; erretiro pentsioaren arabera, gehienez 8 eta 18 euro artean ordaindu beharko dituzte hilean. Bestalde, erabat doakoak izango dira botikak prestaziorik gabeko langabeentzat. Langabe horiek sendagaien % 40 ordaintzen zuten lehen, baina orain doan izango dituzte, "enplegu bat aurkitu arte".

Ana Mato Osasun ministroak zerbitzu publikoan 7.000 milioi euro aurrezteko zenbait neurri iragarri dizkie gaur erkidegoetako ordezkariei, Lurralde arteko Osasun Batzordean. Besteak beste, ‘osasun turismoa’ gehiago kontrolatuko dutela iragarri du.

Halaber, 18.000 euro baino gutxiago irabazten dituzten langileek, orain arte bezala, sendagaien % 40 ordainduko dute, eta soldata handiagoa dutenek % 50 ordainduko dute; 100.000 euro baino gehiago irabazten dituztenek, aldiz, % 60 ordainduko dute sendagaien truke.

Matok azaldu duenez, gaur adostutako neurri horiek datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan onartuko dituzte, eta bi hilabeteko epean sartuko dira indarrean.

Matoren hitzetan, ez da ‘koordainketa’ izango eta sendagaiak errentaren arabera ordaindu beharrak ez du dirua biltzeko asmoarekin zerikusirik, sendagai gehiegi erabiltzeko ohitura "burutik kentzearekin" baizik; ildo horretan, Matok argitu du dirua biltzeko asmoa eduki izan balute Kataluniak onartutako errezeten tasa onartuko zutela.

"Pentsiodunek hileko ordaindu beharko dituzten 8 euro horiek 20 zentimo izango lirateke eguneko, farmaziara egunero joango balira", argudiatu du Osasun ministroak. Dena den, Matok barkamena eskatu die erretirodunei eta neurri horri esker osasun koordainketarik izango ez dela adierazi du.

Ildo horretan, Espainia munduan sendagai gehien kontsumitzen dituzten herrialdeetan bigarrena dela azpimarratu du, eta iaz 3.700 tona botika zakarrontzira bota zirela gaineratu du. Ondorioz 1.200 milioi euro xahutu zirela zehaztu du.

Legea aldatuko dute

Gobernuak eta erkidegoek legea aldatzea adostu dute, eta "Espainiara osasun zerbitzua erabiltzera soilik etortzea” debekatuko dute, ‘osasun turismoari’ amaiera jarrita 1.000 milioi euro aurrezteko.

Matok adibidetzat jarri duenez, "zenbait pertsona Espainiara etortzen dira, erroldatu egiten dira eta Europako Osasun txartela lortzen dute; ondoren, beren herrietara itzultzen dira eta Espainiak ordaindu behar izaten du pertsona horrek bere herrian erabiltzen dituen osasun zerbitzuen kostua".

Helburu berarekin, Atzerritarren Legea ere aldatuko dute, osasun zerbitzuak atzerritarrei zein zerbitzu eman behar dizkien zehazteko.

Rafael Bengoa

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du nahiago duela murrizketak Defentsan egitea osasungintzan baino, eta zerbitzua hobetzeko alternatibak badaudela aldarrikatu du.

Izan ere, sailburuaren esanetan, krisian dagoen herrialde batek "gutxiago gastatu behar du Defentsan, eta ez Osasunean edo Hezkuntzan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea