Gizartea -

Ikerketak

Ertzaintzak ez ditu gomazko pilotak erabiliko, behin-behinean

Herrizaingo Saila gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetetan erabiltzen diren kartutxoak aztertzen ari da, horietako zenbaitetan akatsak antzeman ostean.

Ertzainak, gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetekin.
Ertzainak, gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetekin.
Ertzainak, gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak debekatu egin du aldi baterako gomazko pilotak erabiltzea, Herrizaingo Sailak berak jakitera eman duenez. Donostiako komisaldegian aztertu dituzten zortzi kartutxotan akatsak antzeman ostean hartu dute erabaki hori.

Herrizaingo Saila komisaldegi guztietako gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetetan erabiltzen diren kartutxoak aztertzen ari dira orain.

Agiri baten bidez azaldu duenez, Iñigo Cabacasen heriotzaren ondotik irekitako ikerketaren baitan, Donostiako komisaldegian gordetako zortzi kartutxotan bolbora kantitate gehiegi topatu dute.

Herrizaingo Sailak zehaztu du Bilboko komisaldegiko kartutxoetan ez dutela inolako akatsik antzeman. Aitzitik, Iñigo Cabacas gaztea hil zen kargan erabilitako kartutxoak ezin izan dituzte ikuskatu, epailearen esku daudelako.

Rodolfo Aresek zuzentzen duen departamentuak Ertzaintzaren unitate ezberdinetan erabiltzen diren kartutxoak aztertuko ditu, bolbora karga egokia dutela egiaztatzeko. Era berean, gaizki dauden kartutxoak erabilita ondorioak zeintzuk diren argituko du Herrizaingo Sailak.

Komisaria guztietako kartutxoak ikuskatu ahala, gomazko pilotak erabiltzeko debekua kentzen joango dira.

Amaitzeko, Herrizaingo Sailak azpimarratu du joan den ostegunean Rodolfo Aresek iragarritako plana indarrean dagoela eta, ondorioz, urtarrilaren 1etik aurrera gomazko pilotak erabiltzea mugatuta izango duela Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea