Gizartea -
Bilera Ministerioarekin
Celaa: 'Hezkuntzan murrizketak egitea etorkizunarekin jokatzea da'
Hezkuntza sailburuak kritikatu egin du Espainiako Gobernuak hezkuntzan eta osasun zerbitzuan 10.000 milioi euro murriztu nahi izatea.
Erredakzioa
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak salatu egin du Espainiako Gobernuak erkidegoei murrizketez informatu "baino ez" egitea, gai horretako eskuduntzak erkidegoen euren eskuetan daudela kontuan hartuta.
Halaber, murrizketon aurrrean, "alternatibak" badaudela aldarrikatu du.
"Erkidegoek ez dugu onartuko Gobernuak informatu baino ez egitea, eskuduntzak gureak baitira", berretsi du Celaak hedabideen aurrean, erkidegoetako Hezkuntza arduradunek eta Jose Ignacio Wert ministroak egingo duten bileran parte hartu baino lehen.
Batzar horretan, ministroak informazioa emango die murrizketen inguruan.
Hori horrela, Celaak eta Francisco Alvarez de la Chica Andaluziako Hezkuntza kontseilariak adierazi dute erkidegoek "eztabaidatu" nahi dutela, eta ez bakarrik informazioa jaso, zerbitzuaren kalitatea murriztu gabe eraginkortasuna areagotu ahal izateko.
Celaaren ustez, hezkuntzan murrizketak egitea "herrialdearen etorkizunarekin jokatzea" da. "Alternatibak badaude, eta hezkuntzan murrizketak egiteaz hitz egiteak herrialde atzeratuen eta pobretuen irudiak ekartzen ditu", gaineratu du.
Sailburuak "fribolitate"tzat jo du Gobernuak 10.000 milioi euroko murrizketa iragarri izana hezkuntzan eta osasun zerbitzuan, bestelako azalpenik egin gabe. Horrenbestez, "ahulenen aukera berdintasuna urratzen dituzten aldaketak" errefusatu egingo dituztela ohartarazi du.