Gizartea -

Erregearen safaria Botswanan

Monarkia, inoiz baino makalago

Herritarrek ez dute ulertzen Juan Carlos I.a erregea Botswanara elefanteak ehizatzera joan izana. Sofia erreginak 20 minutuko bisita egin dio erregeari lehen aldiz, ospitalean sartu zutenetik.

Erregea Botswanan
Erregea Botswanan
Erregearen osasuna hoberantz doa baina kritikek ez dute etenik

00:33

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Monarkiaren irudiak behea jo du Espainian, eta une makalenean dago 1981eko Estatu kolpe saiakeratik. Izan ere, Iñaki Urdangarinen ustezko ustelkeriei eta Froilanen tiro istripuari Juan Carlos I.a erregeak Botswanan egindako luxuzko safaria gehitu behar zaie orain.

Espainia erreskatearen atarian egonda, eta azken asteetan Gobernuak murrizketa mingarriak egin dituela kontuan hartuta (% 22koa Hezkuntzan eta % 26koa I+G+Ban adibidez), herritarrek ez dute ulertzen erregea elefanteak ehizatzera joan izana.

Alderdi handienek saihestu egin dute erregea kritikatzea, baina politikari batzuk safariaren aurka agertu dira. Hori horrela, Patxi Lopez lehendakariak adierazi du Juan Carlosek "barkamena" eskatu beharko liekeela heritarrei; Tomas Gomez Madrilgo PSOEko idazkari nagusiak esan du erregeak "abdikatu" egin beharko lukeela "beste bizimodu bat" izan nahi baluke; Iñigo Urkullu EAJko presidentea "harrituta eta lotsatuta" agertu da estatuburuaren jokabidearekin; eta Iñaki Anasagasti senatari jeltzaleak kritikatu egin du Errege Etxeak halakoetan xahutzea dirua.

Erregearen safariak galdera ugari utzi ditu erantzun gabe. Adibidez, nork ordaindu du bidaia? Zenbateko kostua izan du?

Botswana paradisua da ehiztarientzat, eta hainbat enpresak luxuzko safariak eskaintzen dituzte bertan. Elefante bat ehiztatzeak 37.000 euroko kostua dauka, hots, Espainiako langile batek urtebetean batez beste irabazten duena baino ia bi aldiz gehiago.

Afrikako herrialde horretan industria handia dago ehiza-turismoaren inguruan, eta besteak beste elefanteak, lehoinabarrak eta jirafak hiltzea eskaintzen dute.

Luxuzko kanpamendu batean 12 egun egon eta elefante bat ehiztatzeak 37.000 euroko kostua dauka; lehoi edo lehoinabar bat hiltzeak 36.000koa eta bufalo bat akabatzeak 23.000koa.

Botswanako Gobernuak hainbat baimen ematen ditu urtero tankera horretako ehizak egiteko, baina debekatu egiten ditu espezie bat arriskuan dagoela sumatzen duenean. 2007an, esaterako, lehoiak ehizatzea debekatu zuen.

Juan Carlos I.a erregea luxuzko kanpamendu horietako batean izan da aste honetan, baina ez dago argi zenbat egunez. Egun batean, erori eta aldaka hautsi zuen. Ondorioz, Madrilera itzuli behar izan zuen, ebakuntza egiteko.

Sofia erreginak 20 minutuko bisita egin dio erregeari lehen aldiz, ospitalean sartu zutenetik.

Sofiak azaldu duenez, medikuekin hitz egin du eta "bilakaera zuzena eta ona" duela eta "laster aterako" dela esan diote. "Oso ondo dago", esan die erreginak kazetariei.

EZ DA LEHEN EHIZA POLEMIKOA IZAN

Erregearen ehiza zaletasunak hainbatetan piztu du polemika iritzi publikoan.

2006an, adibidez, Errusiako agintariek ikerketa abiatu zuten, Juan Carlosek Mitrofan hartza hil zuela jakin eta gero. Herrialde horretako hedabideen esanetan, hartza gatibu zegoen eta mozkortu egin zuten. Erre Etxeak ukatu egin zuen.

Gainera, 2004an, bisonte europar bat hil zuen Errumanian, espezie hori babestua eta desagertzeko arriskuan dagoen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea