Ume lapurtuak -

Kaltetuekin konpromisoa

Gobernuak ume lapurtuen ustezko kasuen errolda egingo du

Justizia Ministerioak azken 50 urteetan izandako jaiotzen eta heriotzen inguruko informazioa eskuratuko du Erregistro Zibilean eta Osasun Ministerioak osasun zentroetako informazioa bilduko du.

Alberto Ruiz-Gallardon, Jorge Fernandez Diaz eta Ana Mato, kaltetuekin bileran. Argazkia: EFE
Alberto Ruiz-Gallardon, Jorge Fernandez Diaz eta Ana Mato, kaltetuekin bileran. Argazkia: EFE
Haurrak lapurtzeaz akusatutako mojak uko egin dio deklaratzeari

01:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak iragarri duenez, ume lapurtuen ustezko kasuen errolda sortuko du eta Osasun Ministerioak eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak lantalde bat osatuko dute, Justizia Ministerioak koordinatuta. Besteak beste, neurri horiek adostu dituzte kaltetuen elkarteekin.

Ministerio horietako arduradunak, Alberto Ruiz-Gallardon, Jorge Fernandez Diaz eta Ana Mato, eta Estatuko fiskal nagusia, Eduardio Torres-Dulce, kaltetuen elkarteen ordezkariekin bildu dira.

Justizia Ministerioak komunikatu batean azaldu duenez, Erregistro Zibileko informazioa eskuratzeko izapideak erraztuko ditu, azken 50 urteetan izandako umeen jaiotzak eta heriotzak ezagutzeko, eta Osasun Ministerioak osasun zentroetako informazioa bilduko du.

Sor Mariak ez du deklaratu

Ume lapurtuen kasuko lehen inputatuak, Maria Gomez Valbuenak (Sor Maria), ez deklaratzeko eskubideari heldu dio kasua ikertzen duen epailearen aurrean, eta Poliziak epaitegitik atera du. Sor Mariak ez du kazetariekin hitz egin nahi izan.

Moja Madrilgo Instrukzioko 47. epaitegiko Adolfo Carretero epailearen aurrera eraman dute, epaile hori ari baita aztertzen 1982an Sor Mariak alaba lapurtu ziola salatu duen emakume baten kasua.

Hala ere, arratsaldean, mojak gutuna igorri dio iritzi publikoari eta haur-lapurtuen kasuak "nazka" ematen diotela azpimarratu du.

"Barru barrutik gorrotatzen ditut horrelako ekintzak, onartezina da eta inoiz ez dut haurra behartuta, mehatxupean, amari kendu dioten kasurik ezagutu", adierazi du gutunean.

Bere "bizitza luze osoan" (87 urte bete berri ditu) behartsuenei lagundu diela adierazi du eta eskerrak eman nahi izan dizkie azkenaldian babesa eman dioten guztiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea