Gizartea -
migrazioa
Sinadurak jaso dituzte Bilbon, pertsona migratzaileen erregularizazioaren alde
Asteburu osoan zehar, Espainiako 16 hiritan egingo dute mobilizazioa, egoera administratibo irregularrean dauden migratzaileen erregularizazioa bultzatzeko 500.000 sinadura jasotzeko helburuz.
agentziak | eitb media
Estatu mailako #RegularizaciónYa mugimendua kalera atera da Bilbon larunbat honetan, Espainiako Estatuan egoera administratibo irregularrean dauden 500.000 pertsona migratzaileen erregularizaziorako bultzatuko duten legegintzako herri-ekimena ezagutarazteko.
Asteburu osoan zehar, Espainiako 16 hiritan egingo dute mobilizazioa, lege-proposamena Kongresuan eztabaidatu dadin behar dituzten 500.000 sinadurak jasotzeko helburuz.
Bilbon, ekimenaren bultzatzaileak Arriaga Plazan izan dira, bertan ipinitako mahai baten bitartez herritarrei ekimena ezagutarazten.
"Pertsona migratzaile eta arrazializatuok Estatuan lege hauek onartzea proposatzen dugu, legegintzako herri-ekimen baten bitartez. Jatorri eta lurralde desberdinetako ordainpeko zaintzako langileak gara, sasoikako langileak, ikasleak, ostalaritzako langileak, manteroak, politologoak, abokatuak, sexu-langileak", adierazi dute.
Testuinguru horretan, azaldu dute "pertsona migratzaile eta arrazializatuen eskubideak guztion eskubideak" direla.
"Legegintzako herri-ekimen honek Diputatuen Kongresura eta espainiar gizartera itzuliarazten du atzerritarrei buruzko legeak eta erakundeen arrazakeriak eragindako apurketak gain hartzeko premia", salatu dute.
Bestalde, gezurtatu dute Europako itunek erregularizazio prozesuak debekatzen dituztenik eta horiek "dei efektua" sortzen dutenik.
"Eskubideak gauzatu nahi ditugu geure ahots propioarekin, eta zaurgarrituko ez gaituen eta esplotaziora, bazterketara zein deportaziora eramango ez gaituen legegintzako aparatu batekin. Ez gara zenbakiak, ametsak eta istorioak dituzten pertsonak baizik", argitu dute.