Gizartea -

Iñigo Cabacasen heriotza

Herritarren agurra Iñigo Cabacasi

Ehunka pertsona bildu ditu hileta elizkizunak Bilboko Corpus Christi elizan, jende oldearen aurrean txiki geratu den elizan.

Hileta-elizkizuna, Bilbon. Argazkia: EITB
Hileta-elizkizuna, Bilbon.
Azken agurra Iñigo Cabacasi

01:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka herritarrek, senideek, lagunek, athletikzaleek, azken agurra eman diote gaur Iñigo Cabacas Liceranzu-ri, hots, Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen 28 urteko gazteari. Heriotzak euskal gizartea astindu, eta haserre handia eragin du, Poliziaren jokabidea dela eta. Hileta 19:30ean Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean, hasi da eta txiki geratu da bertaratu den jendetzarentzat.

Familiak hileta-elizkizunera ez joateko eskatu die alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariei, baina batzuk ez dute jaramon egin eta elizan izan dira, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Elizkizunean izan dira baita ere Athletikeko jokalariak (Carlos Gurpegi eta Aitor Ocio) eta jokalari ohiak, Jose Angel Iribar atezain ohi historikoa tarteko. Klubaren izenean, berriz, zuzendaritzako bi kide bertaratu dira.

Kontzentrazioa eta tabernak, itxita

Ehunka pertsona bildu dira hileta-elizkizunaren aurretik Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan.

Herritarrek lore-eskaintzak egin dizkiote hildako gazteari eta talde txuri-gorriaren bufandak ere jarri dituzte, Corpus Christi elizatik gertu dagoen leku horretan.

Udaltzaingoak Poza Lizentziatuaren kalea itxi behar izan du bertan bildu den jendetzagatik.

Era berean, inguruko tabernek ateak itxi dituzte 19:00ak eta 19:30 artean dolu ekintza gisara. Gainera, kale horretako eraikinetako leiho askotan ikus daitezke Athletiken bufandak xingola beltzarekin.

Gotzainak gertakariak argitzea exijitu du

Mario Iceta Bilboko gotzainak bat egin du "justiziaren bitartez eta egiari zor, gertakariak argitzea eskatu dutenekin" eta "dagokionak ardurak bere gain hartzea" eskatu du.

Iñigo Cabacasen hileta-elizkizunean irakur zedin bidali duen agirian, Icetak azpimarratu du "justiziak kontsolatu" egin dezakeela, baina "ez du heriotza arinduko".

Era berean, Bilboko gotzainak doluminak helarazi dizkie Cabacasen senide, lagun eta gertuko guztiei.

Bi atxilotu

22 eta 26 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur iragan ostegunean Iñigo Cabacas gaztearen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren karga ustez probokatu zuten borroketan parte hartzea leporatuta.

Autopsia Autopsiak baieztatu egin du senideek eta lagunek hasieratik esandakoa: Iñigo Ertzaintzak gertutik botatako pilota batek jota zauritu zela. Azterketak ez du zehazten zenbat metrotara bota zituzten ertzainek pilotak, baina "metro gutxira" izan zela ondorioztatu du. Lekukoen esanetan, agenteek "inor bereizi" gabe eta pilotak hormen edota lurzoruaren aurka errebotatzen saiatu gabe egin zuten tiro.

Ares Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak premiazko agerraldia egingo du bihar Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek aitortu egin du balitekeela Ertzaintzak "zabarkeriaz" jokatu izana". Autopsiaren emaitzak ezagutu baino lehen, Aresek aurreratu zuen "azkeneraino" ikertuko dutela gertatutakoa, eta erantzuleak aurkituko dituztela.

Lekukoen laguntza Agiri batean, senideek eta lagunek eskertu egin dituzte babes eta maitasun keinu guztiak, eta laguntza eskatu diete gertatutakoa argitzeko datuak dituztenei. Izan ere, haien helburua "azken ondorioetara" iristeko "ikerketa gardena" abiatzea da. Zeregin horretarako, hots, datuak jasotzeko eta lekukoekin harremanetan jartzeko, helbide elktroniko bat sortu dute: i.cabacas.liceranzu@hotmail.com Autopsiaren lehen datuak ezagutu eta gero, "haserrea" agertu dute, hedabideei filtratu dizkietelako. "Datu horiek ezagutzeko interesa duten lehenak gu gara, eta gertatutakoa [filtrazioa] errespetu falta iruditzen zaigu", gaineratu dute.

Bihar, Bilduk elkarretaratzea deitu du Bilbon: Eguerdiko 12:00etan izango da, Udaleko eskaileretan.

Iñigo astelehenean hil zen, Basurtuko Ospitalean, hiru egun koman izan eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea