Gizartea -

Oso larri zegoen

Hil egin da Bilboko istiluetan buruan kolpea jaso zuen gaztea

28 urteko gaztea oso larri zegoen ostegunean Athleticen partidaren ostean izandako istiluetan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuenetik. Lagunek omenaldia egin diote.

Gaztea koman zegoen joan den ostegunean ustez pilotakada jaso ostean. Argazkia: EITB
Gaztea koman zegoen joan den ostegunean ustez pilotakada jaso ostean. Argazkia: EITB
Bilboko istiluetan pilotakada jaso zuen gaztea hil egin da

02:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacas joan den osteguneko Athleticeko partidaren ostean istiluetan zauritutako 28 urteko gaztea hil egin da, Basurtuko Ospitaleak aditzera emandakoaren arabera.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du auzi honen inguruan azalpenak eskaintzeko. Dirudienez, gaztea Ertzaintzaren pilotakada batek jota eraman zuten, larri, ospitalera.

Gazteak "lasaigarrien eraginpean eta aireztatze mekanikoarekin" zegoen eta "leherketaren eraginez, garezurra hautsita zeukan eta garunean lesioak zituen", joan den osteguneko Athletic-Schalke partida ondoren Bilboko Maria Diaz de Haro kalean Ertzaintzarekin izandako istiluetan pilotakada bat jaso ostean.

Azken hiru egunetan koman egon da eta, haren egoera oso larria zela ikusita, "lasaigarriak kendu dizkiote eta garunak datu negatiboak eskaini ditu", zabaldu du Basurtuko Ospitaleak. "Proba osagarriak egin ostean, medikuek garun-heriotza egiaztatu dute", adierazi du ospitaleko zuzendaritzak ohar baten bidez.

Iñigo Cabacasen lagunek omenaldia egin diote

Mila lagun inguru, gehienak gazteak, Maria Diaz de Haro kalean bildu dira Iñigo Cabacasi omenaldia egiteko. 19:00etan hasi da omenaldia eta loreak eta kandelak jarri dituzte Athleticen bufandekin batera. "Ez dago eskubiderik" dioen pankarta bat ezarri dute kalean eta 15 minutuko isilunea egin dute. Txalo zaparrada luze batekin amaitu da omenaldia eta askok ezin izan diote negarrari eutsi.

Herrizaingo Sailak gaztearen heriotza deitoratu du

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Iñigo Cabacas Bilbon larri zauritutako gaztearen heriotza deitoratu du eta "gertatutakoa oso larria" dela esan du astelehen honetan. Halaber, gertutakoa jazo bezain laster eta berak aginduta, Ertzaintzak abiatutako ikerketak "jazotakoa argituko" duela azpimarratu du.

Halaber, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean agerraldia egingo duela esan du, ordura arte lortutako informazio guztiaren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea