Gizartea -
Osasuna
Euskadik eta Errioxak amaitutzat eman dute osasun gatazka
Bi erkidegoek akordioa sinatu dute, eta ondorioz, Errioxatik gertu dauden euskal herritarrek bertan jaso ahalko dute zerbitzua.
Erredakzioa
Errioxak eta Euskadik amaitutzat eman dute gaur iazko irailetik zuten osasun gatazka, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak erkidego guztien arteko diru-kutxa bat iragarri eta gero.
Rafael Bengoa eta Jose Ignacio Nieto Eusko Jaurlaritzako eta Errioxako Gobernuko Osasun sailburuek gaur sinatu dute akordioa, eta aitortu egin dute aipatu funtsaren sorrera erabakigarria izan dela gatazka bukatzeko.
Nietok aurreratu du Nafarroarekin ere lortu dutela akordioa, baina oraindik ez dutela sinatu Marta Vera foru kontseilariak agenda arazoak izan dituelako.
Bengoak eta Nietok goratu egin dute Estatuak diru-funtsa sortzea, eta bertan erkidego guztiek ekarpenak egin beharko dituztela gogorarazi dute, baina zehaztasunak lurralde arteko hurrengo bileran jakingo dituztela aipatu dute.
Akordioaren ondorioz, Errioxako ospitaleak eurenak baino hurbilako dituzten euskal herritarrak lurralde horretara joan ahalko dira zerbitzu bila, eta errioxarrak Euskadira joan ahalko dira Errioxan ez dauden zerbitzu bereziak jasotzeko.