Gizartea -
Greba orokorra
M-29, lan-erreformaren aurkako 24 orduko greba orokorra
eitb.com-ek minutuz minutu jarraituko du Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako lan-erreformaren aurkako lehen greba orokorra.
G.P.
Euskadi greba orokorrerako prest dago; sindikatuen datuen arabera, greba historikoa izan daiteke; izan ere, PPko Gobernuaren aurkako mobilizazioetan jende askok parte hartzea espero dute. Martxoaren 29koa sindikatu guztiek greba deialdia batera egiten duten lehen aldia da 1999. urtetik.
Sindikatuak (ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, Hiru, UGT eta CCOO) jasotako atxikimenduak ugari izan dira; hori dela eta, mobilizazioa oso garrantzitsua izatea espero dute. "Emaitza ikusgarriak" espero dituztela esan du Txiki Muñozek ELAko idazkari nagusiak. Halaber, "uneko erantzuna" ez dela izango gaineratu du.
Euskadiko CCOOk oso jarraipen "garrantzitsua" espero du. Bestalde, informazio piketeak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako industrialdeetan izango direla iragarri du; halaber, Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko kale nagusietan goizetik izango direla esan du.
LABen esanetan, "inoiz izandako greba orokor handiena" izango da Euskadin, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren hitzetan, "greba orokorrak gizartea murrizketa politiken aurka" dagoela erakutsiko du.
"Berriro erreforma inposatu baten aurrean gaude", esan du UGT Euskadik. Greban erretiratuak, langabeak eta ikasleak parte hartzea espero dutela gaineratu du UGTk.
Bestalde, Confesbaskek greba egingo ez dutenentzat "errespetua" eskatu du. Ildo horretan, "greba orokor honek gure egoera ekonomikoa eta irudia kaltetzen" duela azpimarratu du Confebaskek.
Manifestazioak
Ostegun honetarako hainbat manifestazio antolatu dira. Alde batetik, ELAk eta LABek lau manifestazio handi egingo dituzte hego Euskal Herrian. Manifestazioak 12:30ean aterako dira Donostian eta Bilbon; eta, 12:00etan, Gasteizen eta Iruñean. Arratsaldean beste 48 manifestazio egingo dituzte.
Bestalde, CCOOk eta UGTk manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Arriaga Plazatik atera eta Moyua plazara helduko da. 18:00etan beste manifestazio bat aterako da Bihotz Sakratuaren plazatik. Donostian manifestazioak 12:00etan eta 18:30ean aterako dira Alderdi Ederretik, eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazatik aterako dira 12:00etan eta 18:00etan.
Segurtasuna
Komisaria guztietako eta unitate berezietako 5.000 agente biharko greba orokorraren segurtasunaz arduratuko dira. Agenteen helburua euren lanpostuetara joan nahi duten langileen babesa eta greban parte hartuko dutenen segurtasuna bermatzea da. Polizia dispositiboa Miguel Buen Segurtasuneko Sailburuordeak koordinatuko du.
Bestalde, Espainiako Barne Ministerioak segurtasun neurri bereziak ezarri ditu greba orokorrerako 15-M mugimenduaren parte hartzeari bereziki erantzuteko.
M-29ko gutxieneko zerbitzuak
- Errepide, trenbide, itsaso eta kable garraioak egiten dituzten enpresek lanegun baten zerbitzuen % 30 eskaini beharko dituzte.
- Autobideetan eta ordainlekuetan jaiegunen zerbitzuak eskainiko dituzte, eta gasolindegietan % 30.
- Ospitaleek jaiegun batean bezala funtzionatuko dute, eta zerbitzu hauek eskainiko dituzte: larrialdiak, sukaldea, elikagai banaketa, ospitaleratuta daudenen arretak, dialisiak, tratamendu onkologikoak eta zerbitzu atzeraezinak.
- Lehen mailako arretan, honako langileak izango dira: mediku bat zentroan, etxeko arretarako mediku bat, pediatra bat, erizain bat eta zelari bat. Larrialdi zerbitzuek eta Arreta Zerbitzu Iraunkorrek %100ean funtzionatuko dute.
- Osasun garraioetan, larrialdi zerbitzuei eta hemodialisiak eta tratamendu onkologikoak egiteko garraioei eutsiko diete. Ospitaleen arteko larrialdi garraioak eta Basurtuko ospitaleko larrialdiak ere bermatuko dituzte.
- Unibertsitatez besteko hezkuntzan, zentro publikoetako sarreren kontrol zerbitzuak bermatuko dituzte, eta bertan zuzendaritza taldeko kide bat eta langile bat izango dira.
- Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), atezain bat izango da txanda bakoitzean.
- Guardiako zerbitzuak indarrean izango dira, baita "eskubideei kalte egin edo haien galera ekar lezakeen epe-mugen gainditzearekin lotuta dauden ekimenak ere bai".
- Martxoaren 29rako deitutako ekitaldiak ere mantenduko dira, bertan behera uzteak arazoak sor ditzakeen kasuetan.
EITB
- Bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuak eguneko albistegiak izango dira, ohiko ordutegian.
eitb.com-ek zuzenean jarraituko du ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, Hiru, UGT eta CCOO sindikatuek ostegun honetarako deitu duten greba orokorra.
Grebaren eragina, manifestazio nagusiak eta lanuztearekin lotutako bestelako gertaerak zabalduko ditugu gure webgunearen bidez nahiz gure Twitter kontuaren (@eitbcomBerriak) bitartez.