Gizartea -

Tiroketa Tolosan (Frantzia)

ZUZENEAN: Tolosako ustezko hiltzailea, inguratuta (I)

15:44. Sarkozyk Frantziako Erakunde Juduen Ordezkarien Kontseiluko kideei esan die ustezko hiltzaileakgaur berriro hiltzako asmoa zuela.

Poliziak inguratuta dauka susmagarria. Argazkia: iTele
Frantziako Poliziak Tolosako ustezko hiltzailea inguratu du

01:44

D.P / M.G

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarraitu zuzenean Tolosako ustezko hiltzailearen ingurukoak. 14:15era arte gertatutakoa irakurriko duzu hemen.

GAKO NAGUSIAK:

- Frantziako Poliziak Tolosako eskola juduaren hilketen ustezko egilea inguratu du etxebizitza batean.

- Susmagarria Mohamed Merah da, Aljeriako jatorria duen 24 urteko frantziarra. Al Kaidako kide dela esan du.

- Operazioa 03:00etan hasi da, eta gaztea etxebizitzan gotortuta dago harrezkero. Polizia negoziatzen ari da, eta Barne Ministerioak uste du arratsaldean entregatuko duela bere burua. Poliziak bizirik atzemateko agindua dauka.

- Hiru agente arin zauritu dira gaztearekin izandako tiroketa batean.

- Susmagarriaren anaia atxilotu egin dute beste operazio batean, baina oraindik ez dago argi zer egozten dioten.

ZUZENEAN:

14:34. Poliziak lehergailuak aurkitu ditu Mohamed Merah ustezko hiltzailearen anaiaren autoan, Liberation-en arabera.

14:25. BFM TV Frantziako telebista katearen arabera, ustezko hiltzailea atxilotu egin du Poliziak. Dena dela, ez dago baieztapen ofizialik.

14:16. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea susmagarriaren etxetik metro batzuetara dago.

14:00. Baliteke susmagarriak 14:00-14:30 artean entregatzea bere burua, Poliziaren iturri anonimo bat aipatuta "Le Monde" egunkariak jakinarazi duenez. Ez dago baieztapen ofizialik.

13:25. BFM telebista-katean egindako elkarrizketan, gaztearen abokatuak, Christian Etelin-ek, esan du haren nortasuna "oso ahula" dela eta, beraz, jokaera aurrez ikustea "ezinezkoa" dela.

13:12. Polizia berriz ere harremanetan dago Merahrekin; duela ordubete baino gehiago negoziazioak eten egin ziren.

12:51. "Le Point" astekariak informatu duenez, Mohamed Merah txapista zen Tolosako tailer batean. 2010ean Atzerritarren Legioan sartzen saiatu zen, baina bota egin zuten lehen egunean.

12:36. Susmagarria kartzelatu egin zuten 2007an, Kandaharren (Afganistan) bonbak jartzeagatik, baina ihes egin zuen handik eta hilabete batzuetara, talibanen presoek abiatutako ihesaldi batez baliatuta.

12:15. François Hollande Alderdi Sozialistako hautagaiak esan du terrorismoaren aurkako borrokarekin "atseden gabe" jarraitu beharra dagoela.

12:00. Susmagarriak bederatzi ordu daramatza etxebizitzan gotortuta. Negoziazioak etenda badaude ere, agintariek uste dute bere burua entregatuko duela arratsaldean.

11:54. Hiru dira operazioan zauritu diren agenteak.

11:53. Ebakuatu egin dituzte gaztea gotortuta dagoen etxebizitzako bizilagunak.

11:23. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak agerraldia egin du hedabideen aurrean, susmagarria oraindik atxilotu ez badute ere. Estatuburuak batasunerako deia egin du: "Batasun nazionalari eutsiz baino ez gara izango handiak; biktimei zor diegu".

11:17. Frantziako inteligentzia zerbitzuek "hainbat urtez" jarraitu zuten susmagarria, Barne ministroaren hitzetan.

10:58. Xabier Madariaga ETBk Parisen duen berriemaile bereziak azaldu duenez, Barne ministroak iragarri du negoziazioak "etenda" daudela une honetan: "Susmagarriak ez du hitz egin nahi, arratsaldean amore emango duela dio".

10:46. Marine Le Pen muturreko eskuindarra tragediaz baliatzen ari da musulmanen aurkako gorrotoa sustatzeko: "Gutxietsi egin da fundamentalismoaren arriskua". Gogora dezagun aurrekanpainan gaudela.

10:18. Tolosako alkateak baieztatu du duela 45 minutu entzundako eztanda Poliziak nahita eragin zuela.

10:09. Susmagarriak Colt 45 pistola bat entregatu du, telefono baten truke. Nolanahi ere, arma gehiago ditu, hala nola kalashnikov bat eta Uzi bat.

09:55. Baliteke 09:24an aipatutako eztanda Poliziak nahita eragin izana: auto susmagarri bat eztandarazi ei dute. Ez dago baieztapen ofizialik, baina.

09:48. Poliziak identifikatu egin du susmagarria: Mohamed Merah. Etxebizitzan gotortuta jarraitzen du.

09:43. Hilketen egilea zela dioen pertsona batek France 24ra deitu, eta bideoak Internetera igo nahi dituela esan du

09:33. Susmagarriak iragarri du arratsaldean entregatuko duela bere burua, Barne ministroaren esanetan.

09:26. Sarkozy presidentea Frantziako komunitate juduekin eta musulmanekin batzartuko da 10:00etan, eta ondoren agerraldia egingo du hedabideen aurrean.

09:24. Eztanda bat entzun da susmagarria dagoen etxebizitzaren inguruetan.

09:06. Barne ministroak adierazi du "seguru" daudela susmagarria Tolosako hiltzailea dela.

09:02. Soren Seelow "Le Monde"ko kazetariaren esanetan, Poliziak ebakuatu egin du eraikina, eta barruan indarrez sartzeko operazioa hastear ei dago.

09:00. Operazioak sei ordu bete ditu une honetan.

08:21. BFM telebista-katearen arabera, susmagarria Internet bidez jarri zen harremanetan lehen biktimarekin (soldadu bat), militarrak berak iragarki bat jarri baitzuen moto bat saltzeko. Gaztea anaiaren ordenagailuaren bitartez jarri zen harremanetan harekin.

08:08. Poliziak susmagarria bizirik atzemateko agindua dauka eta negoziazioak "oso zailak" izaten ari dira, Xabier Madariaga ETBk Parisen duen berriemaileak azaldu duenez.

07:58. Ozar Hatorah eskola juduaren hilketak ez ezik, Tolosan eta Montaubanen hiru soldadu hiltzea ere egozten diote gotortuta dagoen gazteari. Zazpi heriotza guztira.

07:35. Poliziak lau ordu daramatza susmagarriarekin negoziatzen.

07:17. Barne ministroaren esanetan, susmagarriak "mendekua" hartu nahi izan du "Palestinako umeengatik" eta Frantziako Armadak atzerrian egin dituen operazioengatik. Halaber, gaztea Afganistanen eta Pakistanen egona dela gaineratu du.

06:53. Beste operazio batean, Poliziak gotortuta dagoen gaztearen anaia atxilotu du. Ez dago argi zer egozten dioten.

06:09. Claude Gueant Barne ministroak baieztatu duenez, susmagarriak esan du Al Kaidako kide dela.

06:01. Susmagarriaren amak negoziazioetan parte hartzea nahi du Poliziak, baina lortu ez.

05:30. Susmagarria, 24 urteko mutil bat, gotortuta dago etxebizitza batean, agenteei aurre egiten, eta Frantziako Poliziaren indar bereziek inguratuta daukate.

05:09. France Info irrati-katearen arabera, tiroketa bat jazo da Poliziaren eta susmagarriaren artean. Bi agente arin zauritu dira.

05:07. Sarekada Cote Pave auzoan egiten ari dira, eta 03:00etan abiatu dute.

05:05. Frantziako Poliziak operazio handi bat abiatu du Tolosako eskola juduaren hilketen ustezko egilea atxilotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea