Gizartea -
Epaiketa gaur bukatuko da
Amaia Azkue auziaren gakoak
Amaia Azkueren hilketa argitzeko joan den astetik Donostiako Adingabeen Epaitegian egiten ari diren epaiketa gaur amaituko da eta epaileak egun gutxi barru epaia emango du ezagutzera.
I.G.
Amaia Azkueren hilketa argitzeko joan den astetik Donostiako Adingabeen Epaitegian egiten ari diren epaiketa gaur amaituko da eta epaileak egun gutxi barru epaia emango du ezagutzera. Hauek dira Amaia Azkue auziaren gakoak:
Gertakariak
- 2011ko martxoak 16: Amaia Azkuek 39 urte zituen, ezkonduta zegoen eta bi alaba zituen. Egun horretan, Zarautzen, bere ibilgailuan gazte bat hartu zuen eta, beranduago, gorpua Ibaieder errekan agertu zen, buruan eta aurpegian kolpeak zituela.
- 2011ko abuztuak 17: 18 urte bete baino egun bat lehenago, Fiskaltzaren aurrean Azkue berak hil zuela aitortu zuen Ander e. gazteak. Emakumea nola hil zuen ez zuen azaldu. Zumarragako Adingabeen zentroan sartu zuten, epaileak aginduta.
Epaiketa
- Epaiketan zehar 70 bat lekukok deklaratu dute. Emakume batek, Azpeitian egindako eraso bat salatu zuen ostiralean, aurreko egunean deklaratu ondoren. Ertzaintza erasoa deklarazioarekin lotuta dagoen ala ez aztertzen ari da.
- Martxoak 12, epaiketaren hasiera: Ander E. Gazteak deklaratu zuen, Gipuzkoako Fiskaltzaren aurrean emandako bertsioa berrezteko: Berak Amaia Azkue ez zuela hil, eta hirugarren pertsona batek hil zuela adierazi zuen epailearen aurrean. Hirugarren gizonezkoa Azkueren ibilgailu barruan zihoala azaldu zuen. Arratsaldean, auzia ikertu duten Ertzaintzako agenteek deklaratu zuten.
- Asteartea 13: Amaia Azkueren senarrak eta emakumearen lagunek deklaratu zuten, tartean egun horretan Azkuerekin kafe bat hartu zuen neskak
- Asteazkena 14: Akusazio partikularrak proposatutako lekukoek deklaratu zuten
- Osteguna 15: Defentsak deitutako sei lekukoren txanda, tartean Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen neskalaguna
Zalantza asko
- Gaztea errugabea dela mantendu du defentsak eta auzian "zalantza asko" argitu gabe daudela azpimarratu du. Ander E. zigortzeko proba nahikoa dutela berretsi dute akusazio ezberdinek:
- Amaia Azkueren familiaren abokatuak adierazi duenez, poliziaren ikerketak eta auzitegiko medikuen txostenak "proba bihurtu dira" epaiketan zehar.
- Gazteari bere borondatez hartutako DNA frogek eta Ertzaintzak ikerketan egindakoek emaitza positiboa eman zuten. Era berean, hiltzailearen hatz-markak ere ikerketan aurkitutakoarekin bat datozela egiaztatu zuten poliziek. Gaztearen defentsaren ustez, froga horiek ez dute Amaia Azkue hil zuenik probatzen, han egon zela besterik ez
- Amaia Azkuaren familiaren abokatuak adierazi du inork ez zuela ustezko errudunaren aurpegia ikusi. Bere aurpegia ikusi zuen emakume bakarrak ez zuen gaztea identifikatu baina, abokatuaren hitzetan, Ander E. hiltzailea ez zela ere ez zuen esan