Gizartea -

Donostian

Amaia Azkueren epaiketa aurrera doa, hilketaren lehen urteurrenean

Akusatuaren defentsa arrazoizko zalantza sortzen saiatzen ari da, izan ere, lekuko batek ere ez zuen akusatuaren aurpegia ikusi. Ustezko hiltzaileak, aldiz, errugabea dela berretsi du berriro ere.

Amaia Azkueren familiak eta lagunek elkarretaratzea egin dute hilketaren lehen urteurrenean. EITB.
Amaia Azkueren familiak eta lagunek elkarretaratzea egin dute hilketaren lehen urteurrenean.
Amaia Azkueren hilketaren lehen urteurrena

01:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Azkueren hilketak urtebete egin du ostiral honetan, ustezko hiltzailearen epaiketako bosgarren saioaren egunean, hain zuzen. Urteurrena aitzakia hartuta, Amaia Azkueren familiak eta lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean justizia eskatzeko.

Epaiketari dagokionez, auzipetuaren defentsak arrazoizko zalantza sortu nahi du. Azkueren hilotzaren ondoan aurkitutako DNA arrastoak, hatz-markak eta balin pistola auzipetuarenak direla frogatu den arren, defentsak dio horrek soilik auzipetua bertan izan zela frogatzen duela, horrekin ezin dela frogatu auzipetuak Azkue hil zuela.

Halaber, Castellsek lekukoaren deklarazioa ahotan hartuta adierazi zuenez, bankuko segurtasun kamerek grabatutako irudietan agertzen den pertsonaren ezaugarriak eta lekuko horrek hilketaren egunean ikusi zuenarenak bat datoz.

Amaia Azkueren ustezko hiltzaileak, 18 urteko gazteak, epaiketaren lehen egunean deklaratu zuen. Bertan bere errugabetasuna defendatu zuen. Akusatua adingabea zen krimena jazo zenean, 2011ko martxoaren 16an, 17 urte zituen. Ustezko hiltzailea joan den urteko abuztuan (18 urte bete behar zituen egunaren bezperan) Donostiako Adingabeen Fiskaltzara joan zen eta Azkue berak hil zuela aitortu zuen. Deklarazio horren ostean, Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu zuten.

Sei hilabete geroago, ordea, berriro deklaratu zuen eta Azkue, berak ez, beste pertsona batek hil zuela adierazi zuen.

LekukoakEpaiketari dagokionez, eta Miguel Castells biktimaren familiaren abokatuak adierazi zuenez, lekukoek ez zuten ustezko hiltzailearen aurpegia ikusi. Krimenaren ustezko egilea ikusi zuen emakumeak ez zuen esan akusatua izan zela biktimaren autoan zeuden objektu batzuk edukiontzi batera bota zituena, baina Castellsek azpimarratu zuenez, ezeztatu ere ez zuen egin.

Fiskaltzak eta Amaia Azkueren familiaren akusazioak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute akusatuarentzat eta beste bost urte zaintzapeko askatasunean.Epaiketaren amaiera astelehenerako dago aurreikusita, baina litekeena da atzeratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea