Gizartea -
Epaiketa Donostian
Amaia Azkue, justizia lortzeko bidean
Ibai-Ederko urtegian hilotza topatu zenetik urtebete egiteko egun gutxi falta direnean, hilketa egitea onartu duen gaztearen aurkako prozesua hastear da.
I.G.
Amaia Azkueren (Orio, Gipuzkoa) gorpua Ibai-Eder urtegian aurkitu zenetik abiatutako prozesuak bide berri bat hartuko du, oriotarraren hilketaren ustezko egile bakarraren aurkako epaiketa hasten denean, hain zuzen, martxoaren 12an, Donostian.
Iazko martxoaren 16an Azkueren hilotza Azpeitiko (Gipuzkoa) Muarbe auzogunean dagoen urtegian topatu zutenetik hainbat gertaera jazo dira.
Amaiak 39 urteko emakumea zen, ezkonduta zegoen eta bi alaba zituen; autostop egiten ari zen gazte bat ustez jaso ostean urtegian hilda agertu zen, buruan eta aurpegian zenbait kolpe zituela; kolpe horiek eragin zioten heriotza.
Hilketaren ostean, 17 urteko gazte batek (18 bete zituen hurrengo egunean) Donostiako Adingabeen Fiskaltzara joan eta hiltzailea bera izan zela adierazi zuen. Gaztea, deklarazioa eta gero, Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu zuten.
Azkueren gorputzeko kolpeek agertzen zuten indarkeria maila ikusita, erasotzailea adingabea izatea baztertu zuen Ertzaintzak, baina 17 urteko mutikoaren gorpuzkera handiak susmagarrien zerrendan mantendu zuen. Ikerketako iturrien arabera, atxilotuak aurrekariak zituen jabegoaren kontrako delituengatik.
Balizko zigorra
Amaia Azkueren hiltzaileak zortzi urteko kartzela-zigorra eta aldi baterako zaintzapeko askatasuna jaso lezake, hilketa egin zuenean adingabekoa baitzen.
Zirkunstantzia aringarriak edo larrigarriak aztertu beharko dira eta, azkenik, gizahilketa edo hilketa kasu bat den zehaztu beharko litzateke.
Zantzuak
Gazteari bere borondatez hartutako DNA frogek eta Ertzaintzak ikerketan egindakoek emaitza positiboa eman dute.
Era berean, hiltzailearen hatz-markak ere ikerketan aurkitutakoarekin bat datozela egiaztatu zuten poliziek.
Gainera, gazte azpeitiarrak egindako aitorpena ere badago, 18 urte betetzeko egun bat faltan zuenean.
Hala ere, aurtengo otsailean, gazteak deklarazio berri bat egin nahi zuela adierazi zuen. Bere abokatuarekin batera, orain arte esandakoa arbuiatu zuen eta, deklarazioaren arabera, berak ez zuen Amaia Azkue hil. Epaitegietako iturriek defentsarako estrategia bat besterik ez dela adierazi zuten.
Hiketaren nondik norakoak
Hilketa martxoaren 16an arratsaldean izan zen, arratsaldeko lehen orduan, Zarautzen, Ertzaintzak jakitera emandakoaren arabera. Amaia Azkuek bere hiltzailea autostop egiten ikusi, autoan sartu eta Azpeitiara eramatea erabaki eta gero.
Ibilbidean, 17 urteko mutikoak Azkueri eraso egin omen zion eta zenbait gauza lapurtu zizkion, kreditu-txartelak besteak beste, eta gero hil egin zuen buruan kolpe gogorrak emanda.
Ondoren gorpua Ibai-Eder urtegian utzi zuen, eskuak lotuta, eta biktimaren autoa Loiolako aparkalekuraino eraman eta bertan laga zuen.
Zarauzko taberna batean ikusi zuten azkenengoz, martxoaren 16an, eguerdiko 12:30etan, lagun batekin kafe bat hartzen ari zela.
Ondoren, ez zen etxera bueltatu, eta ez zen eskolara joan umeen bila; ondorioz, senarrak salaketa bat jarri zuen Ertzaintzaren aurrean emakumearen desagerpena zela eta.
Gorpua aurkitu zuten tokiaren inguruan, Azpeitian, balineko pistola bat aurkitu zuen Ertzaintzak. Gainera, bi emakumek odol-arrastoak eta "zenbait zapi" topatu zituzten. Horietako emakume baten senarra bere semearekin batera gerturatu zen, eta korrika egiten ari zen suhiltzaile baten laguntzaz emakumearen gorpua aurkitu zuten.