Gizartea -

Epaiketa

Galdutako txeke batek utzi zuen agerian Anesvaden ustezko iruzurra

GKEaren presidente ohiaren lagun eta langile ziren batzuk aparteko sari ekonomikoak eta ibilgailuak jaso zituzten opari.

Anesvadeko ustezko iruzurraren epaiketaren saio bat. Argazkia: Efe
Anesvadeko ustezko iruzurraren epaiketaren saio bat.
Anesvadeko ustezko iruzurraren epaiketaren saio bat. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anesvadeko langile batek galdutako 800 euro inguruko txeke batek utzi zuen agerian Anesvaden ustezko iruzurra.

Horixe adierazi du Jose Luis Gamarra Anesvaden presidente ohiaren idazkari pertsonalak epaiketaren gaurko saioan. Gamarrari, Francisco Martinez finantza zuzendariari eta Jose Miguel Sustacha zuzendari nagusiari dirua lapurtzea leporatzen diete eta 9 urteko kartzela-zigorra jaso dezakete horregatik.

Bizkaiko Probintzia Auzitegian egiten ari den epaiketaren hirugarren saioan idazkariak azaldu duenez, 800 euro inguruko "txeke arraro" bat iritsi zen bulegora eta GKEko langile batek Internetez egindako erosketa pertsonal bati zegokion. Anesvaden izenean iritsi zenez, finantza zuzendariari eman zion. Hala ere, langileak, txekea ez zuela jaso ikusita, bulegoan galdetu zuen ea non zegoen eta galdu egin zela ohartu zen. "Berriro agertu zenean 'Zahartzen ari zara, dagoeneko ikusi ere ez duzu egiten' esan zidaten", aitortu du.

Idazkariak gaineratu du "atsekabe" handia izan zela bulegoan lapurretaren berri izan zenean eta "bilera asko" egin omen zituzten, eta horietan Martinezek eta Sustachak lapurtutako dirua itzuliko zutela hitz eman zien Gamarrak. Finantza zuzendaria eta zuzendari nagusia kaleratzeko eskarien aurrean, Gamarrak erantzun omen zuen GKE bateko bi goi-kargudun kaleratzeak "bazterrak nahastuko" zituela.

Gaurko saioan Logistika departamentuko sei langilek ere deklaratu dute. Bankura txekeak kobratzera joan zirela aitortu dute denek, baina ez dute argitu ze kontutatik ateratzen zen dirua. Dirua behin kobratuta zuzendari nagusiari edo finantza zuzendariari ematen zizkietela ere azaldu dute.

Opariak

Gaurko saioan jakin ahal izan denez, langile batzuek, Gamarraren lagunak gehienak, 600 euroko aparteko sariak jasotzen zituzten. Beste batzuk maileguak jaso zituzten eta autoak opari jaso zituztenak ere ba omen daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea