Gizartea -
Elkarretaratzea Bilbon
Ume lapurtuen elkarteek hainbat kasuren artxibatzea salatu dute
Ume lapurtuen auziaren baitan lau kasu artxibatu dituzte azken asteetan Bizkaian delitua preskribatu dela argudiatuta.
Erredakzioa
SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideek elkarretaratzea egin dute Bilbon azken asteetan Bizkaian delitua preskribatu dela argudiatuta artxibatu dituzten kasuen kontra protesta egiteko. Elkarteek gogor kritikatu dute erabakia Fiskaltzaren irizpidearen aurkakoa dela argudiatuta.
50 bat pertsonek hartu dute parte eguerdian Bilboko Epaitegien aurrean deitutako elkarretaratzean, kasuak ikertu eta ez ditzatela preskribatu eskatu dute bertan.
Flor Diaz Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, guztira lau salaketa artxibatu dituzte azken bi asteetan, Bizkaian; preskribatu direla argudiatuta. Diazen hitzetan, hori ezin daiteke izan "gure senideak bizirik daudelako eta 40ko hamarkadan hasi eta1997ra arte luzatu ziren gizaterairen aurkako delituak direlako".
Diazek iragarri duenez, helegiteak jarriko dituzte, eta ondoren, "bukaerara arte aurrera" jarraituko dute, "laguntzarekin edo laguntzarik gabe. Beharrezkoa bada giza eskubideen auzitegietara joko" dutela erantsi du.
Halaber, salaketa kopuruak egunero gora egiten duela ohartatazi dute eta proba faltak argudiatuz artxibatzen dituzten kasuek ez dituztela hainbeste kezkatzen azaldu dute elkarteko kideek, "beharrezkoak diren probak aurkeztuko ditugu eta" , erantsi dute.
Ume lapurtuen kasuez arduratuko den fiskala izendatuko dute
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak jakinarazi duenez, ume lapurtuen auziko salaketak bideratzeaz arduratuko den "fiskal bat izendatuko" dute, fiskaltza desberdinek irekitako izapideak bateratzeko.
Torres-Dulcek Estatuko eta erkidegoetako agintariei lankidetza eskatuko die, ikerketa horiek aurrera eraman ahal izateko "beharrezkoak" direla iritzi du eta.