Gizartea -

Hondakinen tratamendua

Gipuzkoak zaborra Bizkaira eramateko akordioa luzatzea eskatuko du

Aipatu itunaren arabera, Gipuzkoak 25.000 tona zabor eraman ditzake urtero Igorreko (Bizkaia) zabortegira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak iragarri du zaborra Bizkaira eramateko ituna hiru urtez luzatzea eskatuko diola Bizkaiko Aldundiari.

Aipatu ituna 2008an sinatu zuten, eta maiatzean amaituko da. Adostutakoaren arabera, Gipuzkoak 25.000 tona zabor eraman ditzake urtero Igorreko (Bizkaia) zabortegira.

Foru diputatuak ukatu egin du akordioa luzatzea eskatzeak Zubietako erraustegi proiektuarekin lotura duela, eta 2013an Gipuzkoako 34 herrik atez ateko zabor bilketa sistema abiatu eta gero, ez dela luzatze gehiagorik beharko azaldu du.

Donostian emandako prentsaurreko batean, Alduntzinek "azken lau urteetan birziklatze tasaren kopuruan geldialdi bat" nabaritu dela azpimarratu du, eta tasak mankomunitate gehienetan ez duela "% 35 gainditzen" azaldu du. Hala ere, atez atezko neurria ezarri den herrietan, Oiartzunen, Usurbilen eta Hernanin zenbateko hori "batez beste % 86ra igo" dela azpimarratu du.

Bere ustez, "aldeak merezi du" eta udalek "joera horretan aurrera egin eta hondakinak zabortegietara joatea saihesteko ikerketak eta esfortzuak" egin beharko lituzkete. Zabortegira doan hondakin tona bakoitza "gipuzkoarrei 140 euro kostatzen" zaiela adierazi du, partzuergoak ezarritako tasa, alegia.

Bizkaiko Foro Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako hondarrak kudeatzeko plana ezagutzeko zain dago, orduan erabakiko baitu plan horren alde edo aurka dagoen.

Foru Aldundiko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, oraindik ez dute Gipuzkoako zaborren hitzarmena berritzeko eskaera jaso, baina ekainean hitzarmena berritzeko epea bukatzen da.

Dena den, Bizkaiko Batzar Nagusiak izango dira hitzarmenaren luzapenari buruzko erabakia hartzeko arduradunak .

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea