Gizartea -
La Palmako sumendia
La Palman 6.000 pertsona ebakuatu dituzte eta 400 eraikin kaltetu dira sumendiaren erupzioagatik
Adituek nolabaiteko deflazio prozesu bat atzeman dute azken 24 orduetan, sistema magmatikoaren presioa gutxituko lukeena. Dena dela, horrek ez du esan nahi erupzioa amaitzear dagoenik.
Agentziak | EITB Media
Dagoeneko astebete igaro da Kanarietako La Palma uharteko Cumbre Vieja inguruan erupzio bolkanikoa hasi zenetik. Testuinguru horretan, 6.000 pertsona ebakuatu dituzte jada, eta 400 bat eraikin eta azpiegitura kaltetuta edo erabat suntsituta geratu dira.
Hori dela eta, tokiko administrazioek neurriak hartu dituzte haien etxeak galdu dituzten familiei laguntzeko. Une honetan, 800 segurtasun eta larrialdi zerbitzuetako langile inguru ari dira lanean, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.
Bien bitartean, sumendiak jaurtitzen duen labaren abiadura nabarmen moteldu egin zen atzo, larunbata. Alabaina, ostiralean kono bolkanikoaren goiko aldea erori zen, sumendiaren laba-jarioa areagotu ostean, orduko 250 eta 300 metro arteko abiadura hartuz.
Gauzak horrela, adituek nolabaiteko deflazio prozesu bat atzeman dute azken 24 orduetan, sistema magmatikoaren presioa gutxituko lukeena. Dena dela, horrek ez du esan nahi erupzioa amaitzear dagoenik.
Une honetan, gutxienez hiru emisio-puntu daude laba botatzen kraterretik, eta ostiralean konoaren oinarrian agertu ziren bi laba-errekak emisio-puntu bakar batean batu dira.
Horren harira, Maria Jose Blanco Kanarietako Geografia Nazionaleko Institutuak (IGN), azaldu duenez, emisio-puntu horiei sumendi-konoaren inguruan dagoen beste bat gehitu behar zaie, baita bi laba-errekak ere. Hala, denbora gehien aktibo daramana, ia etenda dago jada.
Bestalde, Frantzisko aita santuak "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi die sumendiaren erupzioagatik kaltetutakoei. "Etxetik alde egitera behartutako herritar guztiekin bat egiten dut", gaineratu du.