Gizartea -
Energi nuklearra
Gobernuak Garoña beste 5 urtez zabalik mantenduko duela baieztatu du
Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak oniritzia eman dio Burgoseko zentral nuklearraren bizitza luzatzeari. Gobernua pozik agertu da, "ezin diogulako iturri energetiko bakar bati ere uko egin".
Erredakzioa
Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak ontzat eman du beste bost urtez Garoñako zentral nuklearraren bizitza luzatzea, Jose Manuel Soria Industria ministroak larunbat honetan iragarri duenez.
Soriak PPko kongresuan eman du berria jakitera. Industria ministroa pozik azaldu da, Garoñaren itxiera 2013ko uztailaren 6rako PSOEko Gobernuak ezarri bazuen ere, txosten honek zentral nuklearraren bizitza luzatzea baimenduko baitie. Gobernuko kideak azpimarratu duenez, "Espainiak ezin dio iturri energetiko bakar bati ere uko egin".
Garoñaren zentral nuklearraren gaineko txostena ostiral honetan eman dio Gobernuari Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak. Honen aburuz, segurtasun nuklearra eta babes erradiologikoa ikertu ostean, ez dago inolako oztoporik zentral nuklear hau beste bost urtez zabalik mantendu ahal izateko, behin instalakuntzen operatiba eta hauen emaitzak aztertuta.
"Espainiak ezin dio iturri energetiko bakar bati ere uko egin", nabarmendu du Industria saileko buruak. Halaber, Soriak zabaldu duenez, Exekutiboaren asmoa "eredu energetiko seguru, orekatu eta eraginkor bat" sustatzea izango da.