Gizartea -
Hotzaldi siberiarra
Muturreko hotzak eragindako alertak larunbata arte iraungo du
Bestalde, Herrizaingo sailak abisu horia ezarri du elurragatik datozen bi egunetarako, elurra egingo baitu itsasoaren mailan ere.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak datorren larunbata arte mantenduko du alerta laranja hotzagatik eta horia elurragatik.
Gaur, elur-kota itsas mailaraino jaitsita egongo da egun osoan eta prezipitazioak aurreikusi dituztenez, elurra egingo du etengabe.
Bihar, aldiz, prezipitazioak ez dira hain ugariak izango, Kantauri isurialdeko mendebaldean bereziki. Elur-kota itsas-mailan kokatuko da eta 0-2 zentimetro botako ditu. Horrez gain, izozteak espero dira muturreko hotza egingo duelako.
Kosta inguruan, tenperatura minimoa -4 gradu ingurukoa izango da ekialdean eta -2koa mendebaldean; maximoak, berriz, 3 gradura iritsiko dira. Barrualdeari dagokionez, -6 inguruko tenperatura minimoa egongo da ekialdean eta -4koa mendebaldean; eta gehienez, termometroak 2 gradu joko ditu.
Bestalde, larunbaterako prezipitazio gutxiago espero da, nahiz eta eguerditik aurrera gehiago egingo duen. Elur-kotak itsasoaren mailan hasiko du eguna, eta 200-400 metrora igoko da arratsaldetik aurrera.
Larunbatean alerta laranja egongo da izozteengatik eta muturreko hotza egongo delako. Tenperatura minimoak -6 gradu inguruan kokatuko dira eta maximoak 3-4 gradura iritsiko dira.