Gizartea -
Megaupload-en itxiera
Ostegunetik aurrera, FBIak Megauploadeko datuak ezabatu ahalko ditu
Hori dela eta, web horren itxieragatik kaltetutakoek plataforma berri bat sortu dute FBIaren kontrako salaketa kolektibo bat egiteko helburuarekin.
Erredakzioa
Ostegun honetatik aurrera, FBIk aurreko astean itxiarazitako Megaupload atariko datuak ikuskatu eta, nahi izanez gero, ezabatzeko aukera izango du. Hori egiteko beharrezkoak diren baimenak lortu dituzte, eta jadanik datuak eskatu dizkiete artxiboen trukean oinarritzen den web guneko "hosting" hornitzaileei.
The Guardian egunkariaren arabera, Virginia ekialdeko barrutiko fiskalak eman du datu guztiak ikuskatzeko beharrezkoa den baimena. Behin hori lortuta, FBIk Carpathia Hosting eta Cogent Communications Megauploadentzat datuak metatzen lan egiten duten kanpo enpresak goitik behera ikertzeko baimena lortu du.
Orain arte, Carpathia eta Cogent enpresetako ordezkariek ez dute adierazpenik egin, nahiz eta fiskalaren iritziz hauek izan Megauploaden zerbitzariak kontrolatzen zituzten enpresak. Hori dela eta, beraiek izan beharko dute arazo hori konpontzeko ardura.
Ira Rothken Megauploaden sortzaileen abokatua datuak ezabatu ez daitezen borrokatuko dela esan du, hori egiteak 50 milioi erabiltzaileren datu eta artxiboak betiko ezabatzea ekarriko lukeelako.
Erabiltzaileen defentsan
Rothkenek azaldu duenez, erabiltzaileentzako datu oso garrantzitsuak izateaz gain, artxibo horiek bere bezeroak defenditzeko beharrezkoak izango lirateke.
Hori dela eta, web horren itxieragatik kaltetutakoek plataforma berri bat sortu dute FBIren kontrako salaketa kolektibo bat egiteko helburuarekin. Salaketa Pirates de Catalunya elkarteak egin du, Pirate Parties Internationalen laguntzarekin, eta bertan webgunearen itxieraren aurkako sinadurak biltzen dira.