Gizartea -

Palma Arena auzia

Castro epaileak Iñaki Urdangarin inputatu du

Palmako dukeak otsailaren 6an deklaratu beharko du, Noos Institutuan ustez izandako irregulartasunak direla eta.

Iñaki Urdangarin auzipetu egin du epaileak. Argazkia: Artxibo.
Iñaki Urdangarinek otsailaren 6an deklaratu beharko du inputatu gisa

02:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro Palma Arena auziko epaileak Iñaki Urdangarin inputatu eta otsailaren 6an deklaratzera deitu du, Noos Institutuan ustez izandako irregulartasunengatik, epaitegietatik EFE albiste agentziari jakitera emandakoaren arabera.

Cristina infantaren senarrari dirua bidegabe erabiltzea, iruzurra, txostenak faltsutzea eta prebarikazioa egotzi diote.

Epaileak auzia sekretupetik atera eta gero hartu du erabakia.

Ustelkeriaren aurkako Balearretako Fiskaltzak "elkarte sare" bat atzeman zuen, ustez Urdangarinek eta Diego Torres bazkideak Noos institutuak jasotzen zituen funts publikoez eta pribatuez jabetzeko sortua.

Zitazioa urtarrilaren 6rako ezarri badu ere, Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJIB) argitu du aurreratu litekeela Urdangarinen defentsak eskatuko balu, eta epaitegia, Fiskaltza eta aldeak prest agertuko balira.

Zita horretan, epaileak Balearretako eta Valentziako erkidegoekin izan zituen negozioen harira galdekatuko du, horietan "diru publikoa" jaso baitzuen, autoaren arabera.

Urdangarin ez ezik, epaileak beste hainbat pertsona ere deitu ditu deklaratzera, hala nola Diego Torres bazkidea eta Noos Institutuko Ana M. Tejeiro, Marco Antonio Tejeiro, Miguel Tejeiro eta Salvador Trinxet.

Auzi honen baitan beste hainbat pertsona pasatuko dira epailearen aurretik, besteak beste José Luis "Pepote" Ballester Balearretako Gobernuko Kirol zuzendari nagusi ohia; Gonzalo Bernal, Illesport Fundazioko zuzendari ohia eta Juan Carlos Alia Balearretako Turismo Institutuko buru ohia. Urtarrilaren 25ean deklaratuko dute, Balearretako Gobernuak Urdangarinekin eta Torresekin zituen negozioen harira.

Ikerketa kasualitatez hasi zen. Izan ere, Urdangarinen ustezko irregulartasunei buruzko datuak Jaume Matas Balearretako Gobernuko presidente ohia ikertzeko auzian agertu dira.

Inputazioaren berri izan eta gero, Errege Etxeak "errespetu osoa" agertu dio erabaki judizialari, eta Urdangarinen bozeramaileak deitoratu du herritarrek "inputatuta ikusi" nahi zutela.

Abenduaren 12an, Errege Etxeak ekitaldi ofizialetatik at utzi zuen, haren jokaera ez dela "eredugarria" izan argudiatuta.

Hain justu, Urdangarinen ustezko irregulartasunak ikusita, Errege Etxeak bere aurrekontuak publikatu zituen atzo, eta Palmako dukeak Zarzuelatik ez duela dirurik jaso zehaztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea